Tentsio uneak bizi dituzte AEB Ameriketako Estatu Batuetan, Poliziak Jabob Blake afro-amerikarrari bizkarrean tiro egin izanak sutu egin baitu herrialdea. Laugarren gauez jarraian izan ziren protestak Kenosha hirian, Wisconsinen, Poliziaren indarkeria salatzeko, eta beste hiri batzuetara ere zabaldu dira mobilizazioak: Oaklanden, esaterako, ehunka lagun bildu ziren protesta egiteko. Testuinguru horretan, AEBetako Justizia Departamenduak jakinarazi zuen eskubide zibilen ikerketa federal bat abiatu duela tiroketaren inguruan; FBIk gidatuko du. Halako kasu bat dela-eta aurten zabaldutako bigarren ikerketa izango da, aurrez George Floyden hilketaren harira hala egin ostean. Ez zuten horrelako ikerketarik abiatu martxoan hiru poliziak Breonna Taylor afro-amerikarra hil zutenean.
Josh Kaul Wisconsingo fiskalak identifikatu du Blakeri tiro egin zion polizia: Rusten Sheskey da, eta zazpi urte daramatza polizia gisa lanean. Kaulek berretsi zuen zazpi aldiz egin ziola tiro, eta jakinarazi Sheskey eta harekin zeuden gainerako poliziak behin-behinean kargutik kendu dituztela. Kaulen arabera, Blakek aitortu zuen labana bat zeramala tiroketa jazo zenean; ordea, ez dago inongo zantzurik inor mehatxatzeko erabili zuela uste izateko. Ben Crump Blakeren abokatuak argi adierazi zuen: «Jakobek ez zuen ezer egin polizia probokatzeko». Horrez gainera, Kenoshako Poliziak herenegun eginiko agerraldian jakinarazi zuen 17 urteko susmagarri bat atxilotu zuela, Poliziaren indarkeriaren aurkako manifestazioetan tiroka ekin ziona delakoan —bi pertsona hil zituen, eta beste bat larri zauritu—. Hilketa delitua egotzi diote.
Tony Evers Wisconsingo gobernadoreak protestak lasaitzeko eskatu, eta larrialdi egoera ezarri zuen asteartean. Hala, eremu horretan dauden Guardia Nazionaleko agenteen kopurua bikoiztu zuen. Donald Trump AEBetako presidenteak, gainera, adierazi zuen guardia federal gehiago bidaliko zituela. Bide beretik aritu zen Justizia Departamendua ere: «Kenosha baliabide federalekin hornitzen jarraituko dugu beharrezkoa den heinean».
Protestak
Blaken aurkako tiroketaz geroztik, kaleko protestek ez dute etenik izan Kenoshan, eta Mike Pence AEBetako presidenteordeak gai horretaz hitz egin zuen herenegun. Orduan egin zuen kargu horretan jarraitzeko hautagaitza onartzeko ekitaldia, eta esan zuen indarkeria gelditu beharra dagoela: «Argia izango naiz: indarkeria geratu beharra dago, Minneapolisen, Portlanden eta Kenoshan. Legea eta ordena izango dugu AEBetako kaleetan». Hala, Kenoshako istiluen eta protesten inguruan mintzatu zen, baina ez zuen aipatu zerk eragin zituen; hots, polizia zuri batek afro-amerikar bat tirokatu izana.
AEBetan ikerketa federal bat abiatu dute Blaken aurkako tiroketagatik
Rusten Sheskey da Jacob Blake afro-amerikarrari bizkarrean zazpi alditan tiro egin zion polizia. Pencek adierazi du indarkeria geratu beharra dagoela, eta «legea eta ordena» babestu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu