Pastor
DARWIN ETA GU

Eugiko emakumearen egiak

2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Lasai asko bota zuen, erdaraz: «Yo ya no soy vasca, porque no hablo vasco». Esteribar aldeko emakumeak —Eugikoa, zehazki— zortzi euskal abizen zituen. Nafarroako bailara horretan zituen sustraiak. «Mi abuelo sí que era vasco. Hablaba un vasco más cantarín», segitu zuen. Hark, aldiz, ez zekien euskaraz. Hizkuntza gabe ez zen euskalduna. Ez zen vasca.

Euskara ia guztiz galdua zen Eugin 80ko urteen hasieran. Lehen, ez. Xalbadorrek bertako festetan kantatu zuen, herriko bertsolari Urbano Egozkuerekin batera. Orduan ohikoa zen Eugiko gazteak Urepeleko festetara joatea. Baten bat oinez, Urkiaga mendatean barrena. Hizkuntza bera zuten bi aldeetako herritarrek. Euskarak batzen zituen. Gero…

Bilboko pisukide nafar baten ama zen Eugiko andrea. Euskaldun hitza vasco itzultzen zuen, antzina bezala. Ekuazioa: euskaraz ez dakizu, ez zara euskalduna. Beraz, ez zara vasco. Nafarroan argi zuten. Eremu euskalduneko jendea erdal guneetara zihoanean ez zen arraroa hau entzutea: «Ahí vienen los vascos».

Orain norbaitek vasco dela esan, eta ez dugu pentsatzen derrigorrez euskaraz jakin behar duenik. Baina euskalduna izan euskara gabe? Marra gorri hori ere zeharkatuko dugu? Euskarak euskaldun egiten gaituela esan du Joseba Egibarrek. Euskalduna vasco itzuli dute gero. Azal fin batzuk mindu egin dira. Itzulpenaren hutsa izan dela adierazi du EAJk. Vascoparlante esan behar zuten? Horretarako, hobe zuten euskalduna ez itzuli.

Egibarren hitzek hautsak harrotu dituzte. Kazetariek Izaskun Bilbaoren iritzia eskatu dute. «Quien no habla euskera no es menos vasco», agertu du EAJren eurodiputatuak. Ea, bada: demagun bikote espainiar bat AEBetara doala, haur jaioberriarekin. Biek bikain egiten dute ingelesez. AEBetan hobeto integratzeko soilik ingelesez mintzatzen dira etxean. Umearekin ere ingelesez beti. Demagun urte batzuren buruan familia Madrilera bueltatzen dela. Demagun hango herritar guztiek dakitela ingelesez —espainieraz gain, jakina—. Espainolez jakin ez, eta ingelesez egiten du haurrak. Hala ere, espainiarra dela esaten du, temoso. Madrildarrei ez al zaie bitxi samar irudituko —modu goxoan esanda— inork bere burua espainiartzat jotzea espainieraz mintzatu gabe?

Hemen bizi den edonor baskoa dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Eta euskalduna? Euskalduna da gurean bizi den edonor, euskaraz jakin gabe? Esan iezaiezu guardia zibilei kontrol batean beraiek ere baskoak direla. Adarra jotzen segitzeko ea kuartelera joan nahi duzun galdetuko dizute. Kasu!

Arnaldo Otegik ere bere ikuspuntua azaldu du: «Baskoa izan daiteke euskaraz jakin gabe». Hemen ere arazoak. Izan ere, daiteke inklusibo bezain baztertzailea izan daiteke: gutarra bazara, orduan bai, baskoa—euskalduna?— zara, euskaraz jakin ez arren. Gure proiektu edo ideiekin bat ez bazatoz, ez.

Eugiko andreak euskal abizenak zituen, baina ez zuen bere burua baskotzat jotzen. Ez zekien euskaraz. Gaur ez dugu hala pentsatzen. Baskoa izateko ez da ezinbestekoa hizkuntza menperatzea. Hor geratu bagina, tira. Baina ez: egun, gero eta jende gehiagok uste du euskalduna izateko ez dela euskaraz jakin behar. Iparra galdu dugu. Hara non Nafarroako herri txiki bateko emakumeak oraingo zenbait euskal nazionalista, abertzale eta independentistak baino hobeto zekien, duela 40 urte, euskalduna izatea zer den.

Idazle kanadar batek hala argitu zuen kanadarra nor den: bere buruari kanadarra izatea zer den etengabe galdetzen dion pertsona. Gure arazoa handiagoa da. Nor da euskalduna? Bere buruari euskalduna izatea zer den etengabe galdetzen diona. Eta, gainera, euskalduna ez denari euskalduna izatea zer den zehazten uzten diona. Horretan ere euskaldunok bakarrak izango gara munduan.

Bihotza ezkerrean zuela eta bertako odola gorria zela idatzi zuen Gabriel Arestik. Fernandoren egiak. Eugiko emakumeak bere egiak bota zituen: ez zekien euskaraz; hortaz, ez zen euskalduna —vasca—. Aitona, bai. Oso euskara kantaria zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.