Europako Medikamentuen Agentziak jadanik hirugarren txertoa (AstraZeneca) baimendu du COVID-19 gaixotasuna kontrolpean izateko helburuarekin eta beste batzuk ere ate joka daude. Oraingo honetan txertoa garatzeko erabili den teknologia aurrekoen ezberdina da: aurrekoak RNA motakoak ziren, eta azken hau eraldatutako adenobirus motakoa.
Azken txerto honek baditu abantaila batzuk, hala nola hozkailuan mantendu daitekeela, aurrekoak baino merkeagoa dela edo bigarren dosia 3 hilabete ondoren eman daitekeela. Baina desabantailak ere baditu; esate baterako, momentuz ez dagoela gutiz frogatuta bere eraginkortasuna 65 urte gorako pertsonetan, eta, horregatik, espainiar estatuko ministeriok erabaki du 18 eta 55 urte bitarteko pertsonei ematea. Momentuz guztiz frogatuta ez egoteak ez du esanahi eraginkorra ez denik, baina ebidentzia zientifiko sendoak izan arte hobe da itxarotea. Gogoratu behar da aurreko txertoak, hau da RNA motakoak, baimenduta daudela 18tik gorako guztiei eman ahal izateko, frogatuta baitago beraien eraginkortasuna adin-talde ezberdin horietan.
Honek guztiak dakarrena da populazioan burutu behar den txertaketa masibo hori pertsonalizatu egin behar dela adin-talde ezberdinetan.
Are gehiago, jadanik une batean kutsatu egin diren pertsonak immunizatuak omen daude, hau da, bere sistema immunea aktibatu ondoren antigorputzak eta oroimen zelulak sortu ditu, birusarekin berriro kontaktua izaterakoan arinago eta modu indartsuagoan erasotzeko. Horrela bada, pertsona horiek ez lirateke txertatu behar lehenengo une honetan behintzat, txertoen eskasia ikusita. Badirudi, oraingo honetan protokoloa aldatzeko bidean dela, txertaketa hasi zenean pertsona horiek ere txertatzen baitziren.
Bestalde, herrialde batzuetan jadanik pentsatzen ari dira gazteak txertatzea adinekoak edo zaurgarriak baino lehen. Hori egiten ari den lehenengo herrialdea Indonesia da. Baina horrek badu arazo larri bat. Orain arte ditugun txerto guztiek gaixotasuna prebenitzen dute, bereziki gaixotasunaren sintoma larriak, baina zoritxarrez ez dirudi birusaren transmisioa ekiditen dutenik modu zehatzean. Beraz, txertatutakoak kutsatu daitezke eta babes-neurriak gaizki erabiliz kutsatu dezakete. Lehentasunezko taldeak, beraz, ez litzateke egokia izango askotan infekzioa modu arinagoan jasaten duten taldeak izatea.
Txerto ezberdinak handitzen joatea oso albiste ona da dosi-kopuru gehiago egotea ekarriko baitu. Baina, aldi berean, logistikaren aldetik konplikazioak ditu. Une oro kontrolpean egon behar nor txertatu den, noiz eta zein txertorekin. Gainera, hori guztia ahalik eta arinen burutu behar da. Zenbat eta gehiago luzatu txertaketa hainbat eta aukera gehiago izango du birusak eboluzionatzeko eta txertoetatik ihesbideak garatzeko.
Europako Batzordeak ere onartu egin du txertoen fabrikazio-arazoak gutxietsi direla, eta Euskal Herrian txertaketa kanpaina hasi denetik sei aste igaro direnean bakarrik populazioaren %1ek jaso du txertaketa osoa.Argi dago itxaropena emango duen taldeko immunitatea lortzeko gehiegi falta dela oraindik.
Ez dugu ahaztu behar pandemia hau kontrolatzeko jadanik jarrita dagoen txertoak balio duela, beste ezerk ez du baliorik.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN
Logistika sendoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu