Amaitu da Gipuzkoa Bertsotan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan kantatu ahal izateko sailkapen fasea. 84 bertsolarik hartu dute parte, eta haietatik 37k lortu dute aurrera egitea. Egitasmoaren balorazio oso ona egin du antolatzaile taldeak: «Udaberriko fase hau ikusita, aurrekari ezin hobeak ditugu udazkeneko txapelketari begira; ilusioz gainezka gaude bertsolariek, antolatzaileek, epaile nahiz gai jartzaile taldeek eta entzuleek eman duten erantzunarekin», esan du Iker Iriartek. Txapelketan, orain dela lau urte sailkatutako beste hamalau batuko zaizkie aurrera egin duten bertsolari horiei, eta Bertsozale Elkarteak ekainean jakinaraziko ditu txapelketari buruzko xehetasunak.
Sailkapen faseko saioak lau asteburutan biltzea izan da antolatzaileek aurten egin duten apustu handienetako bat. Bi multzotan banatu dituzte bertsolariak, eta hamalau saio izan dira guztira; hau da, zazpi saio bikoitz, egun bakoitzean bi saio jokatu baitira ordu berean baina herri banatan. «Horrek guri ere aparteko lana eskatu digu, bi talde behar direlako egun bakoitzerako, bi epaile talde eta abar. Baina oso ondo atera da antolakuntza aldetik». Bertsolari bakoitzak saio bakarrean kantatu du—duela lau urtekoan bitan kantatu zuen—, eta epaile talde berberak epaitu ditu multzo bakoitzeko saio guztiak, oreka bermatu nahian. «Puntuetan oso antzera ibili dira bi multzoetan, bai goian, bai beheko langan; badakigubertsoa epaitzea oso zaila dela, baina ematen du ahalik eta formularik justuenera hurbildu garela».
Parte hartu duten bertsolarien profila izan da antolatzaileak poztu dituzten faktoreetako bat. Izan ere, azken urteetan txapelketak baztertu samar zituzten hainbat bertsolarik hartu dute parte; lehen ere parte hartzen zutenek segitu egin dute, eta izan dira adinagatik aurten lehen aldiz kantatu dutenak ere. «48 urte zituen bertsolaririk zaharrenak, eta 18 bete gabe gazteenak. Belaunaldi ezberdinetako bertsolariak aritu dira, eta uste dut horrek prestigioa eta maila eman diola faseari».
Egun bakoitzean bi saio jokatzen zirenez, aretoak ere fasearen neurrira egokitzeko ahalegina egin dute antolatzaileek. «Ez genuen nahi aretoak handiegi geratzerik, bertsolariei kantatzeko leku goxoa bermatu nahi baikenien. Eta asmatu dugu bete-betean».
Antolakuntza aldetik, lan handia eskatzen dute halako egitasmoek, eta Bertsozale Elkarteko langileek egin duten lana nabarmendu du Iriartek. «Ez da erraza izaten larunbatean egun osoa pasatu herri batean, gauean guztia desmuntatu, hurrengo goizerako beste herri batera joan, eta dena ondo ateratzea. Egundokoa iruditu zait elkarteko langileen lana». Era berean, tokian tokiko bertso eskolak aktibatzea lortu dutela azaldu du, eta gaineratu du udalek eta gainerako eragileek ere lan handia egin dutela saioak ongi ateratzeko.
Txapelketari begira jarri da jada Gipuzkoako bertsolaritza
84 bertsolarik kantatu dute Gipuzkoa Bertsotan fasean, eta 37 sailkatu dira. Antolatzaileak gustura geratu dira izandako erantzunarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu