Euskarabentura

Bigarren 'jzioquitar' labekada

Pagolara bidean da Euskarabentura espedizioaren bigarren edizioa, gaua Maulen igaro ostean

Euskarabenturako kideak, atzo, Maulen, Mixel Etxebest auzapezarekin batera. GUILLAUME FAUVEAU.
ane insausti barandiaran
Maule
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Pausoz pauso, abian da Euskarabentura espedizioaren bigarren aldia. Mauletik Pagolarako (Nafarroa Beherea) etapa egingo du gaur goizean, atzo Maulen espedizioa hasi eta gero. Hilabete batez, Euskal Herria zeharkatuko dute 121 gaztek. Gaur, Pagolara bidean, hamabost kilometro osatuko dituzte, Mauleko Jai Alai pilotalekuan gaua pasatu ostean.

Iritsi da laranja koloreko olatua Euskal Herrira. Gazteek ilusioz beteta ekin zioten atzo Euskarabenturari, motxila bizkarrean hartuta. Iazko arrakastaren ondoren, martxan da bigarrenez jzioquitarren espedizioa.

Gazteak hiriburuetan elkartu ziren antolatzaileekin atzo goizean, eta autobusez abiatu ziren Maulera. 09:00etan irten ziren Donostiako, Bilboko eta Gasteizko autobusak, eta Donibane Lohizunen (Lapurdi) eta Iruñean jaso zituzten lehen biek Lapurdiko eta Nafarroako abenturazaleak, hurrenez hurren.

Donostiatik irtendako autobusa iritsi zen lehena Maulera, eta jolasak egiten itxaron zieten falta zirenei. Elkar ezagutuz eta lotsak galduz joan ziren, bazkalordua iritsi arte. Bazkalostean, kamisetak eta biserak banatu zituzten, eta gazteak taldeka jarri ziren.

Aurkezpen ekitaldia egin eta Mauleko plazara jo zuten. Han, Mixel Etxebest auzapezak harrera egin zien, eta argazkia atera zuten harekin. Auzapezak adierazi zuen «ohorea» zela Maule hartzea Euskarabenturaren abiapuntutzat, eta zorte ona opa zien jzioquitar guztiei: «Zuek hemen izatea plazer handia da guretzat».

Afaldu aurretik, antolatzaileek garbiketa eta osasun protokoloak azaldu zituzten, gaur goizetik aurrera martxan jarri ahal izateko.

Gazteek, euskara ardatz

Gazte euskaldunen arteko harreman sare bat sortzea da Euskarabenturaren helburuetako bat. Hainbat errealitate soziolinguistikotako gazteak elkartu, eta hilabetez zeharkatuko dute Euskal Herria, euskara ardatz hartuta. Parte hartzaileen artean, zazpi probintzietako gazteak daude, eta baita Suediako gazte euskaldun bat ere. Xerpen artean, euskaraz ikasten ari den britainiar bat ere badago.

Ekiñe Jusue tuterarra harreman berrien bila joan da espediziora: «Lagun berriak egin eta euskaraz gehiago hitz egitera etorri naiz». Lagunen bidez izan zuen proiektuaren berri. Hasieran zalantza egin bazuen ere, pozik dago izena ematera animatu izanagatik.

Lier Isasi sopelarrak, berriz, iazko argazkien bidez eta telebistan egindako jarraipenaren bidez ezagutu zuen proiektua. Bere kasuan, aitak animatu zuen parte hartzera. Gorputz hezkuntzako irakaslea du aita, eta haren hainbat ikaslek estreinako Euskarabenturan parte hartu zuten iaz. Euskal Herria hobeto ezagutzea eta lagun berri euskaldunak egitea ditu helburu Isasik.

Irea Egaña oñatiarrak, aldiz, jende gehiago ezagutzeko eta euskal kulturaz eta paisaiaz gozatzeko aprobetxatu nahi du hilabetea. Lehen inpresioa «oso ona» izan dela adierazi du Egañak, gazte «atsegin» asko ezagutu baititu dagoeneko, lehen egunean.

Boiseko euskararen aldeko jaian jaio zen Euskarabentura sortzeko ideia, duela urte batzuk. Hilabete luzez espedizioa antolatzen jardun ostean, proiektuak argia ikusi zuen iazko uztailean, eta antolatzaileak oso gustura geratu ziren egindako lanarekin.

Ane Pedruzo antolatzailearen arabera, «amets zoro bat» izan zen iaz espedizioa aurrera atera izana. Aurten iazko ilusio berarekin ekin diote Euskal Herria zeharkatzeko erronkari. 798 kilometroak zeharkatzeko lantaldearengan duten «konfiantza» azpimarratu zuen harrera ekitaldian. Iker Goñi Euskarabenturako elkartekideak gazteak zoriontzeko tartea hartu zuen, aukeratuak izan zirelako. Izan ere, lan bat aurkeztu behar izan zuten jzioquitar gisa parte hartzeko.

Aurten, berrikuntza gisa, Euskarabentura izeneko aplikazio bat jarri dute martxan. Aplikazioan, parte hartzaile bakoitzaren aurkezpen bideoak eta fitxak agertzen dira, eta espedizioa une oro geolokalizatzeko aukera du. Horrez gain, etapa bakoitzaren xehetasunak eta argazki zein bideoak eskegiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.