Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Emozioak

2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Zergatik sentitzen ditugu emozio batzuk? Emozio guztiak beharrezkoak al dira? Galdera horien inguruan oinarritzen da RTVE Play plataforman ikusgai dagoen El año de las emociones saioa. Lodifobiaren aurka sare sozialetan aktibismoa egiteagatik ezaguna den Mara Jimenez aktore eta aurkezleak gidatu du saioa. Sei kapitulutan, gonbidatuekin honako emozio hauek aztertu ditu: poztasuna, beldurra, tristura, nazka, ezustekoa eta haserrea. Emozio horiek gure egunerokoan sentitzen ditugu, eta gure bizitzan zer-nolako eragina duten ulertzeko aukera ematen digu saioak.

Azken urteetan, adimen emozionalak garrantzi handia hartu du. Emozioak kudeatzeko beharra askotan azpimarratzen da. Sei kapitulu horietan formatua berdina da: lehenbizi, emozioa azaltzen dute; gero, gonbidatuek emozio horrekin duten erlazioa esplikatzen dute; eta azkenik, emozio horrekin lotura duen urte bat aukeratu ostean, urte horretan gertatutakoa azaltzen dute. Azken ariketa hori oso interesgarria iruditu zait. Horri esker, emozio horiek historian zehar nola bizi ziren agerian geratzen da. Interesgarria iruditu zait historiako une desberdinak emozioen bitartez aztertzea. Historia datez eta efemeridez beteriko zerbait dela dirudi askotan. Ariketa horri esker, historiako protagonisten emozioak nolakoak izan ziren pentsatzeko aukera eman digu saioak. Emozioen garrantzia aztertzeaz gain, historiari berrikuspen erakargarri bat eman dio saioak.

Sei kapituluetan, Ines Hernand, Nerea Perez de las Heras eta Amarna Millerren ekarpenak jaso dituzte, besteak beste. Gonbidatu bakoitzak emozioen inguruko sentipen desberdinak azaltzen ditu, eta oso aberasgarria egiten du saioa. Mara Jimenezen lana ere azpimarratzekoa da. Tristuraren kapitulua grabatu zuen bitartean, depresioak jota zegoen. Bere Instagram kontuan azaldu zuenez, kapitulu horren amaierako gogoeta grabatzea oso gogorra egin zitzaion. Saio horrek emozioen inguruko hausnarketa egiteko tokia bilatu nahi du. Lan horren atzean sentimenduen eta emozioen lanketa handia dagoela agerikoa da. Horrelako saioen beharra ez dut aldarrikatu behar, saioa ikustearekin nahikoa da. Gutxi hitz egiten dugu emozioen inguruan, eta are gutxiago gure egunerokoan nola eragiten diguten. Noiz hasiko gara hizketan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.