Disko bat grabatzen ari zenik ohartu ere egin gabe grabatu zuen bakarkako bere lehen diskoa Irati Bilbao jazz musikari eta abeslariak (Durango, Bizkaia, 1992). Dioenez, probatzera baino ez zen sartu estudiora. Kontzerturako lanketa modura, Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian egiten ari zen jazz kantuko gradu amaierarako prestatzen ari zen, baina ez, behintzat, disko bat grabatzera, eta estudiotik ateratzean soilik ohartu zen grabatutako hura disko bat zela. «Halakoa naiz. Egiten dudanari garrantzia kentzen aritzen naiz, baina gero, jartzen naizenean, dena ematen dut». Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak Errabal zigilu pean eman du argitara, Begin izenarekin.
Berak sortutako kanta batekin hasi eta bukatu nahi izan du Bilbaok sei abestiko diskoa. Hasiera lotsatiko Anxious melodikoarekin abiatu, eta tempo geldoko Hopefuly My Prince Won't Come baladarekin amaitu. Baina, neurri batean, propio bilakatu ditu lanean txertatu dituen beste lau kantak ere. Hitzak aldatu eta moldaketa batzuk egin dizkio, adibidez, Sam Rivers saxofoi jotzailearen Beatrice abestiari, eta hitzak egokitu dizkio Blossom Dearieren I'm Hip kantuari, esaterako. Hark egindakoak dira The First Time I Heard Ella eta My Baby Likes The Bebop abestiak kanta bakarrean uztartzeko moldaketak, eta hitzak eta musika ere moldatuta eman du Brian Blade musikariaren Stoner Hill abestia.
Scat izeneko teknikarekin abestutako pasarteak dira diskoaren ezaugarri deigarrietako bat. Nerabe zenean, Ella Fitzgeraldi entzun zion abesteko modu hori lehenengoz Bilbaok. Solo melodikoak egitea da kantaera mota horren oinarria, ahotsa beste instrumentu bat gehiago balitz bezala erabiliz, eta, horretarako, zentzurik eduki beharrik ez duten silabak baliatuz. «All of me abestian egiten duen soloa entzun nion, eta uau!, egiten zuena oso ongi ulertzen ez banuen ere, argi sentitu nuen hori egin nahiko nukeela». Urteak eman ditu geroztik ahotsa lantzen eta musika ikasketak egiten, eta Musikenen hasi aurreko urtean animatu zen, azkenean, saiatzea. Inprobisatzen. «Noski, inprobisatzen». Eta diskoan ere badira modu horretara kantatutako pasarte batzuk.
Bakarkako lehen proiektua du hau Bilbaok, baina jazzaren eszena ez zaio arrotza. Besteak beste, Irati Bilbao Quintet, Ekuru, Bilbao Lindy Band, Reunu eta Swintronix taldeetan aritutakoa da azken urteetan, eta Ahots Argiak eta Gospel Six abesbatzetan ere kantatu du. Musikenen gradua ikasten aritu da azken lau urteetan, eta prozesu horren lekukotza ere bada diskoa. Esan duenez, ikasketa urteotan bueltaka izan dituen abestiak baitira diskoan daudenak.
Egun bakarrean grabatu zuten disko osoa Oiartzungo Mecca estudioan (Gipuzkoa), musikari guztiak batera zirela. Zuzenean denak. Aurrez Musikenen kide izandako lagunekin osatu zuen grabaziorako laukotea Bilbaok, Jorge Fernandez piano jotzailearekin, Eva Alcaide gitarristarekin, Carlos Montul baxu jotzailearekin eta Aitor Bravo bateria jotzailearekin. Ezagutzen zuten elkar, beraz; eta erraz joan zen saioa, musikariaren hitzetan. «Kasik esango nuke goiz bakarrean grabatu genuela», onartu du, «eta ukitu gutxi batzuk baino ez genituen egin arratsaldean». Grabazio lanak bukatu, estudiotik atera, eta orduan ikusi zuen Bilbaokbaietz: grabazio hura disko bat izan zitekeela.
Programatzaileei deia
Berez udaberrian kaleratu nahi zuten lana, udan kontzertu batzuk ere eman ahal izateko, baina koronabirusak dena utzi du bertan behera. «Ez dut kontzerturik», onartu du abeslariak. Are gehiago, taldea ere sakabanatu egin zaio, gainera: Musikeneko ikasketak bukatu, eta beren herrira itzuli dira diskoan parte hartutako musikari guztiak.
Kultur programatzaileei eskari bat egiteko ere baliatu du aukera Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak-eko ordezkariak. «Momentu honetan jazzak bizi duen egoera oso txarra da, baina ez pentsa pandemiaren aurretik hobea zenik». Azaldu duenez, apenas programatzen da jazz emanaldirik Euskal Herrian, eta, horregatik, deialdi zuzena egin du. «Programatzaile publikoek jazzari aukera bat emateko ardura dute, orokorrean, eta zehazki hemen egiten den jazzari ere bai».
Oharkabeko disko bat
Irati Bilbaok kanta propioak eta berak moldatutakoak bilduz osatu du bere lehen diskoa: 'Begin'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu