Mundu zabala, gertukoaren neurrira

Arabatik eta Arabaz idatzi du Edu Zelaietak 'Mundutik mundua. Arabako hitzontzi baten kronikak' liburua. 50 kronika labur jaso ditu

Edu Zelaieta, kaleratu berri duen liburua eskuetan duela, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Dualtasunek eta bikoiztasunek badute lekua Edu Zelaietaren (Gasteiz, 1973) liburu berrian. Poeta baten saiakera liburua da, izenburu bikoitzekoa: Mundutik mundua. Arabako hitzontzi baten kronikak. Nafar izatearekin arabar izatearekin baino gehiago lotzen duten idazle baten kontakizun hibridoak, Arabatik eta Arabaz idatziak. Eroso sentitzen da dagoeneko «obsesio» ere bilakatu zaion «anfibiotasunean», natural. Atzo aurkeztu zuen liburua, Pamiela argitaletxeko Upaingoa sailak argitaratua, Jose Angel Irigarai editorea lagun.

Egileak azaldu zuen Bortzirietan (Nafarroa) beratarrek dutela hitzontziak izengoitia. Hark, ordea, bere buruari deitu dio horrela: «Isuri ditudan esanek ez didate mihia lehortu, eta hitzontziok ohi dugun temakeriaz, eta belarriak nekatzeko arriskua bazter utzita, begietatik sartzen ahalegindu naiz». Inguruan bizi eta ikusitakoetatik abiatu da liburua idazteko. Hala «literatur kutsuko» gogoeta osatu du idazleak, Irigarairen hitzetan. Idazleak esan du «kazeta girotik» datozela testuak, «baina hobe literatur kodean irakurriak badira».

Hiru ataletan banatu du liburua Zelaietak: hitzaurrea, ondorengo bilduma landuari azalpena emateko; hitzatzea, edo epilogoa, Karmele Jaiok egindako «kronikaren kronika»; eta, tartean, idazleak hitzontzia deitu ziona: kronikak, hausnarketa laburrak. 50 kronika dira guztira, eta alfabetikoki ordenatu ditu guztiak. Simetriaren bila, bi orrialde hartzen ditu bakoitzak; «Hor sartzen da literaturaren artifizioa».

Testu gehienek Arabako Hitza gehigarrian Zelaietak idatzitako Hitzontzia izeneko zutabeetan dute jatorria. Dena den, beste zenbait hedabidetan Arabaren inguruan idatzitako testu batzuetatik ere abiatu da beste gogoeta batzuk ontzeko. Euskaldunon Egunkaria-n eta Argia eta Geu aldizkarietan, hain zuzen.

Araba da testu guztiak lotzen dituen haria, nahiz eta gaiak eta pertsonaiak askotarikoak diren. Munduaz ari dela esan zuen Zelaietak: «Hau da, nik ikusten dudan mundua gertatzen den tokiaz: Arabaz». Arabatik Arabaz jardutea, Euskal Herritik Euskal Herriaz jardutea bezalaxe, mundutik munduaz jardutea da idazlearen ustean, liburuaren izenburuari keinu eginez. «Konplexurik eta harrokeriarik gabe, txokokeriarik eta modan dagoen kosmopolitismo hanpaturik gabe».

Aurkezpeneko testua idaztean zuzentzailearekin izandako buruhaustea baliatu zuen haren ideia indartzeko. Olarizu eta Salburua hitzak azpimarratu egin zizkion zuzentzaileak. Salburuan bizi da bera, eta Olarizu ikusten du handik. Proba egiteko, euskarazkoak ez diren Gros eta Sagues hitzak sartu, eta horiek onartu egin zizkion zuzentzaileak. «Horrek ere neurri bat ematen du, Arabak zer leku duen».

Unibertsala, lokaletik

Bereaz gain, beste bi liburu jarri zituen Zelaietak mahai gainean atzoko aurkezpenean: Xuan Bello asturierazko idazlearen Hestoria universal de Paniceiros, eta Sandra Cisneros idazle estatubatuarraren The House on Mango Street. «Soy de Paniceiros, soy del mundo» (Paniceiroskoa naiz, mundukoa naiz), esaten zuen Bellok. Istorio lokalen aldarrikapena egiteko baliatu zuen haren lana: «Unibertsaltasuna ez da abstrakziotik abiatzen; hain zuzen, askotan abiatzen da tokian tokiko istorioetatik». Uste baino antzekoagoak gara, haren ustean.

Cisnerosen moduan, «binetak» proposatzen ditu idazleak, gertuko bizipenek eragindako gogoetak. Autobiografikoa zein literarioa den «ni poetiko bat» ere ageri da kronika batzuetan.

Liburua Gasteizen aurkeztuko du Zelaietak, Karmele Jaiorekin eta azala eta ilustrazioak egin dituen Eneko Ugarterekin batera. Asteazkenean, 19:00etan, Talka galerian izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.