Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

'El conquis'-ek ezkutatzen duena

2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Astelehenean hasi zen El conquis, ETBren telerrealitate saio izarraren 16. ekitaldia. Bai, hamasei, badira batzuk, bai horixe. Ez naiz saioaren kritika egiten hasiko, ez dudalako uste ezertarako balio duenik. Zabaltzen dituen balioek edo ereduek haserretu ahal naute, telerrealitateak kokoteraino naukala kontatu dezaket, Espainiara eta Espainiatik egindako edo parte hartzaileen artean lehiakortasuna eta iskanbilak etengabe bilatzen dituen saio bat besterik ez dela. Baina ez dut egingo. Eta ez dut egingo, nik a ala b esan, ETBren programaziotik ikusle gehien biltzen duen saioa delako, eta batek baino gehiagok, arrazoi osoarekin, nire kritiko kontuak utzi eta jendeari gustatzen zaionarekin gozatzen uzteko esango didalako.

Saioak funtzionatzen du, ez dago horri kontra egiterik, eta gehiago edo gutxiago gustatu, ez zait gaizki iruditzen jendeak saioarekin gozatzea. Gaizki iruditzen zaidana da saio horrek ETBren urteko aurrekontuaren barnean zein pisu duen, eta hori zenbateraino baldintzatzen duen. Tira, gaizki irudituko litzaidake, jakingo banu zein aurrekontu duen eta zenbateraino baldintzatzen duen ETBren aurrekontu osoa. Ez baitakit, ETBk ez duelako publiko egiten. BERRIAk orain gutxi eskatu du telebista publikoa izaki publikoa behar lukeen datua, baina ETBk ez du eman nahi izan.

ETBren kontrako kritiken aurrean etengabe entzun behar izan dugu ez dagoela dirurik eskatzen dugun guztia egiteko. Ziur aski egia da, baina hortik egiten dena baino gehiago egiteko dirurik ez dagoela esatera... El conquis-ek ikusle asko ditu, horrela justifikatzen dute haren existentzia eta ETBren programazioan duen pisua, baina horrek ez luke nahikoa izan behar hamasei urtez saioarekin jarraitzeko. Telebista publiko batez ari gara, eta, horregatik, helburu zehatz batzuk izan beharko lituzke diru publikoarekin egiten den edozein saiok. Are gehiago, tamaina horretako batek. Eta? Zer funtzio betetzen du El Conquis-ek? Gure hizkuntza indartzeko balio al du? Erdaldunak euskarara gerturatzen al ditu? Gizarterako baliagarriak diren balioak jorratzen ditu? Zenbat kultur saio egin ahal genituzke El conquis-en aurrekontuarekin? Zenbat marrazki bizidun erosi eta bikoiztu? Zenbat telesail ekoitzi? Kontua ez da El conquis gustatzen zaigun edo ez, baizik eta zer galtzen ari garen El conquis egiteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.