Iaz bezala, aurtengo ekitaldian ere Euskal Herriko zortzi elkarte onenen artean sartu dira Lazkaoko LAPKE eta Orozkoko Olgetan, aise gainditu baitituzte XIV. Berria Txapelketako final-zortzirenak, JOAN den asteburuan. Lazkaotarrek lehen bi partidak irabazita kanporatu zuten Hernani, eta Orozkokoek ere gidoi bera baliatu zuten Andoaingo Gazteleku menderatzeko. Gauzak hala, bi elkarteok elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak final-laurdenetan.
HERNANIN
Lapke (Lazkao) 2 - Hernani 1
Aurreikusi bezala, kadeteen arteko neurketa giltzarri izan zitekeen Hernani eta LAPKEren arteko kanporaketan, eta halaxe gertatu zen. Seriotasun handiz kantxaratu ziren Apaolaza-Etxarri Hernanikoak eta Naldaiz-Telleria Lazkaokoak, eta azken horiek gehiago izan ziren (15-22). Hasieratik, gainera. Telleriak ondo agindu zuen atzean, eta Hernanikoek defentsan oinarritu zuten euren jokoa. Ez zuten aski izan, maila oso txukuna azaldu baitzuten irabazleek.
Gazteen arteko partidak ez zuen kolorerik izan, eta Senar-Garmendia goierritarrek 22-5 irabazi zieten Salaberria-Lasari. Maila horretako aurrelaririk onenetakoa da Senar, eta hark agindu zuen. Haren erritmoari ezin izan zioten eutsi aurkariek. Kontuak horrela, dena erabakita zegoen nagusien partida hasterako, eta Hernanik ohorezko puntua eskuratu zuen. Arrieta- Lizeagak 22-9 hartu zituzten mendean Zubizarreta-Quina. Zubizarreta saiatu zen aurrean bazterrak nahasten, baina biren aurka ezer gutxi egin ahal izan zuen.
ANDOAINEN
Olgetan (Orozko) 2 - Gazteleku (Andoain) 1
Antzeko kanporaketa jokatu zuten Andoainen Gaztelekuk eta Orozkoko Olgetanek. Lehia estua aurreikus zitekeen, baina hasieratik nagusitu ziren bizkaitarrak. Izan ere, kadeteen mailan 22-6 irabazi zuten Olaizola-Arbaizak Arrillaga- Uriaren kontra. Faborito ziren lehenak, baina uste baino erosoago eskuratu zuten puntua. Aski izan zuten serio jokatzea eta pilota atzeko koadroetara bideratzea. Arrillaga salduta aritu zen une oro.
Gazteen arteko neurketa zen erabakigarria, hura irabazten zuenak aukera handia baitzuen final-laurdenetara igarotzeko. Bada, hasieratik hartu zuten aurrea Orozkoko Ibarrondo-Solatxik. Ohartzerako, 10-3 aurreratu ziren. Susperraldi baten ondorioz, buelta eman zioten emaitzari Artola-Mujika gipuzkoarrek, eta 10-12 jarri ziren aurretik. Ordea, bigarren zatian berriz gehiago izan ziren Orozkokoak, eta 22-16 irabazi zuten. Ez zegoen ezer jokoan nagusien partidan, eta Gaztelekuko Alberdi-Elizegik 22-7 irabazi zieten Olaguenaga-Beaskoetxeari. Gipuzkoarrek erakutsi zuten bikote ona osatzen dutela.
BERRIA Txapelketa
Beste urtebetez goian
Lazkaoko LAPKE eta Orozkoko Olgetan sailkatu dira XVI. Berria Txapelketako final-laurdenetarako, eta elkarren aurka ariko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu