Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Usabiaga vs Delgado

2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Txirrindulari ohi eta txirrindularitza arloko telebista esatari dira biak, baina, azken arlo horretan, mutur banatan daude Xabier Usabiaga eta Pedro Delgado.

Haren kontakizunen eta komentarioen miresle sutsu batek esan zidan Usabiagak «poesia» egiten duela ziklismoaz hitz eginez. Beste batzuen ustez, aldiz, aukeran zuzenegia eta zorrotzegia da hala euskararen —euskara batuaren— erabileran nola bere iritzietan erakusten duen mundu ikuskeraren aldetik.

Delgado, aitzitik, Perico, ez da bi esaldi segidan zuzentasun gramatikalez hasi eta amaitzeko gauza, hiru esalditik behin sekulako ostikoa ematen dio Cervantesen hizkuntzari, dela paulatinamente esan beharrean paulativamente (ala paulatibamente ote?) esanda, dela komunztaduraren araurik oinarrizkoenak txakurraren salara bidalita.

Mundu ikuskeraren gorabeherak alde batera utzita, hizkuntzaren erabileraren aldetik bien zale porrokatua naiz.

Tamalgarria iruditzen zait batzuek Xabier Usabiagaren edo Xabier Euzkitzeren hizkerari pedante iriztea, Constatino Romero zenaren gaztelania dotoreari ez bezala, hura «hizlari bikaina» baitzen denen ustez. Horrelako iritzien atzean euskaldunon aspaldiko konplexuak eta ia betiko analfabetismoa daudelakoan nago; euskarazko analfabetismoa, jakina; erdaraz euskaraz baino askoz ere hobeto alfabetatuta baikaude gaur egun euskaldun gutiz gehienok.

Nahiago nuke Usabiaga eta Euzkitze bezala mintzo diren kazetari gehiago bagenitu, euskalki guztietako hitzak eta esamoldeak telebista publikoak eskatzen dien sintaxi eta ahoskera batura eramateaz kezkatuak, euskararen adierazkortasunari ekarpenak egiteko irrika erakusten dutenak. Baina maite dut Pericok gaztelania jipoitzeko duen manera «sinpatikoa» ere, barkagarria eta are dibertigarria, bat egiten baitu bere izaera jostariarekin. Gainera, gaztelania ez da nire berezko hizkuntza eta ez naute asko kezkatzen hark jasotako kolpeek; eta gaztelaniak euskarak baino osasun soziologiko askoz hobea dauka, eta euskarak baino askoz ere kolpe gutxiago jasotzen ditu, proportzioan behintzat.

Ez, gaztelania, espainiera, ez da Pericok egin diezaiokeen minaren beldur. Baina bai, euskarari kalte handia egingo lioke Pericoren moduko esatari batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.