Durangoko 53. Azoka. Saiakera

Kontratu sozial ezkutatuak

Carole Patemanen 'Kontratu sexuala ' saiakera euskarara ekarri du Maialen Berasategi Catalánek

Lorea Agirrek, Maialen Berasategik eta Jule Goikoetxeak aurkeztu zuten liburua, atzo, Areto Nagusian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Miren Garate.
2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Jean-Jacques Rousseau pentsalariak izendatutako kontratu sozialaren oinarrian «itun sexual-soziala» dagoela esaten du Carole Pateman (Sussex, Erresuma Batua, 1940) pentsalari feministak Kontratu sexuala saiakeran. Hau da, liberté, egalité, fraternité aldarrikatuz ezarritako ordenak, ustez, askatasunean, berdintasunean eta elkartasunean oinarritzen zen ituna jarri zuela indarrean. Alabaina, uste hutsa dela hori, kontratu soziala ez delako askatasunez egiten, ez berdinen artean, ez askatasunez ere, ez bada anaidiaren barnean; haren esanetan, fraternité ez baita elkartasuna, anaien, gizonen arteko aliantza baizik. Maialen Berasategi Catalánek itzuli du liburua, eta Elkar argitaletxearen eta Jakinen artean argitaratzen duten Eskafandra bildumako bosgarrena da. Atzo aurkeztu zuten, Durangon.

Berasategiren esanetan, liburuak, beste askorekin batera, laguntzen du gure kultura sozialari disekzioa egiten eta azalera ekartzen zeinen modu patriarkalean sortu den gizartearen muinean dagoen «hitzarmen sozialaren fikzio politikoa», eta zeinen ondorio patriarkalak izan dituen hitzarmen horrek.

Kontratu sozialaz hitz egiten denean, istorioaren erdia ez dela kontatzen esaten du Patemanek: kontratu sexuala da beste erdi hori, gizonezkoek emakumeen gorputzez jabetzeko itundua duten sexurako eskubidea duelako oinarrian. Pentsalariaren esanetan, berdintasunaren ameskeria ez ezik, askatasunaren ameskeria ere saltzen du kontratu sozialak.«Gizarte zibilean, askeak omen gara denok, baina askatasun hori unibertsaltzat jotzen badute ere, Patemanen arabera, gizonena da benetan, unibertsaltzat jotako beste hainbat gauza bezala». Kontratua, Patemanek dioenez, «patriarkatu modernoaren sorbidea» da. Alegia, haren ustez, kontratua ez da askabide, baizik eta tranpa bat, kontratuak beti sortzen (edo betikotzen) baititu mendekoak eta menderatzaileak.

Patriarkatuaz gain, anaitasuna da liburuko gai nagusietako bat: «Itun inplizitu hori: nola, jatorrizko hitzarmenaren fikzio politikoaren kontakizun aieruzko batzuen arabera, semeek aita hil zuten, bi helbururekin: haren boterea bereganatzea eta guztien artean berdin banatzea, gizon guztiek aukera izan zezaten beren mende edukitzeko emakume bat». Anaitasun horrek oraindik oso bizirik dirauela esaten du Patemanek, modu inplizitu baina guztiz nabarmenean. Eta horren emaitza anaitasunezko patriarkatua dela, arlo pribatua nahiz publikoa blaitzen dituena.

Emakumeen menderakuntzan gehien eragiten duten kontratu espezifikoak aipatzen ditu saiakeran: enplegu, ezkontza, prostituzio eta subrogazio kontratuak. Ezkontzari dagokionez, haren bi paradoxak azaltzen ditu: batetik, kontratu idealean, alde bakoitzak bere baldintzak ezartzen dituela modu librean, eta elkarri baldintza horiek onartzen dizkiotela, eta ezkontza kontratuan, aldiz, baldintzak ezarriak egoten direla aurretik, estatuak edo sistemak ezarriak. Bestetik, gogoratzen du emakumeek ezin zutela kontraturik egin, ustez ez zutelako horretarako behar zen gaitasuna, baina gero, aldi berean, behartuta zeudela ezkontza kontratuan sartzera. «Nola da posible, beraz, kontratuak egin ezin dituzten izaki batzuek kontratu jakin batean sartu behar izatea?».

Prostituzioaren kasuan, betiko eztabaidetako bat jartzen du mahai gainean Patemanek: zer saltzen da prostituzio kontratu batean, norbere burua ala zerbitzu bat? «Patemanen iritziz, norbere burua. Marxek zioen prostituzioa langilearen prostituzio orokorraren adierazpen berezia besterik ez zela, baina esaten du torlojuak egitea edo zubiak diseinatzea ezin dela konparatu prostituzioan aritzearekin». Berasategik zehaztu du Pateman ez dagoela prostituten aurka, prostituzio sistemaren aurka baizik. «Konparatzen du langileekin oro har: lan kontratua eta lan sistema kapitalista kritikatzea ez da langileak kritikatzea».

Subrogazioari aipamena

Duela 30 urte argitaratu zuen Kontratu sexuala, baina amatasun subrogatua ere aipatzen du Patemanek. Gaitzetsi egiten du, iruditzen baitzaio kasu horretan ere emakumeak erosten direla; ez haien zerbitzu bat, eta ontzi huts moduan hartzen direla emakumeak. Sistema neoliberal kontraktualistak errazten duen aitazko boterea bermatzeko hamaikagarren trikimailua iruditzen zaio subrogazioa.

Patriarkatu modernoa ulertzen hasteko, jatorrizko kontratuaren istorio osoa gogoratu behar dela esaten du Patemanek; besteak beste, jatorrizko kontratua egin omen zutenak gizonzuriak zirela, eta hiru alderdi zituela haien anaitasun itunak: kontratu soziala, kontratu sexuala eta esklabotasun kontratua, zeinak legitimatu egiten zuen zuriak beltzei gailentzeko araua. Patriarkatu modernoa aldatzeko, emakumeak herritar libre izango diren gizarte libre bat sortzeko, baztertu egin behar dela istorio hori nabarmentzen du.

«Feminismo autonomo bat eskatzen du Patemanek, ez gizonen berdinak izatea», kontatu du Berasategik. Eta teoria beharrezkoa izan arren, horrekin bakarrik ez dela ezer lortuko nabarmentzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.