«Antzezlan honek asko du absurdotik. Abiapuntua bera nahiko absurdoa da: pertsona bat salaketa bat jartzera doa igarle batek esan ziona ez delako bete». Hitz horiekin laburbildu du Goiatz Labandibarrek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985) Salaketa antzezlan laburraren mamia, zeinak irabazi duen Bilboko Cafe Bar Bilbaok Tartean antzerki konpainiaren laguntzarekin antolatzen duen sariketa. Hasieran, abiapuntu horrekin narrazio bat egiteko saiakera «antzua» egin zuen Labandibarrek, eta, azkenean, antzezlan bihurtzea erabaki zuen: «Narrazio batean baino, antzerki batean errazago eta hobeto konta zitekeela konturatu nintzen».
Antzezlanak bi lagun ditu protagonista: salaketa jarri behar duen pertsona eta administrazioko langilea, eta nien arteko elkarrizketak gidatzen du obra: «Salaketa jartzea, arrazoia, jokabideak... Absurdora eramaten dituzte; mila ergelkeriatan katramilatzen dira».
Labandibarrek aitortu du gidoi «umoretsu» bat sortu nahi zuela,«ironiatik asko duena, absurdotik asko», eta klixe eta topikoen inguruan ere hitz egin nahi zuela: «Gizarte honetan gauza batzuen inguruan nahiko zabalduak dauden usteak eta klixeak ere azaleratzen dira. Izan ere, absurdoaren antzerki honek kritikatik ere badu: sistema judiziala, fedea, jendeak zertan sinesten duen edo zertan sinetsi nahi duen».
Labandibar kazetaritzako lizentziaduna da, eta komunikazioaren arloan egiten du lan gaur egun. Horrez gain, hainbat literatur lan argitaratu ditu: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013) —Igartza bekaren irabazlea—, Fotogramak (Elkar, 2016) eta Hori zen dena (Alberdania, 2019).
Gaztelaniazko atalean, berriz, Javier Diez Carbonak (Bilbo, 1965) irabazi du sariketa, Digresiones de don Quijote y Sancha izenburua duen lanarekin. Obra horretan «diruaren botere ustelgarriari buruzko parabola» egin nahi izan du.
Labandibarrek irabazi du Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko saria
Idazleak ironia eta absurdoa landu ditu 'Salaketa' antzezlanean. Bi protagonisten arteko elkarrizketak gidatzen du obra
![Sariketaren antolatzaileak eta sarituak, atzo, Bilboko Cafe Bar Bilbaoko atarian. TARTEAN TEATROA. Sariketaren antolatzaileak eta sarituak, atzo, Bilboko Cafe Bar Bilbaoko atarian. TARTEAN TEATROA.](https://www.berria.eus/uploads/s1/66/58/82/p026-f01.jpeg)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu