Asteburuak aurrera joan ahala zehazten ari dira XVI. Berria txapelketako kanporaketak, eta jada bi talde sailkatu dira finalerdietarako. Gipuzkoakoak dira biak: Tolosa eta Azpeitiko Ilunpe. Tolosa egungo txapeldunak oso erraz hartu zuen mendean Doneztebeko Erreka, lehen bi partidak irabazita. Azpeitiarrek ere gidoi bera baliatu zuten Usurbilgo Pagazperi irabazteko. Hala, bi taldeok elkarren kontra lehiatuko dira finalerdietan, bi aste barru.
HERNANIN
Tolosa 2 - Erreka (Doneztebe) 1
Kanporaketa orekatua espero zen Tolosaren eta Errekaren artean, batez ere gipuzkoarrek hutsune garrantzitsuak zituztelako nagusien mailan. Ondorioz, Tolosak bazekien gauzak bideratuta utzi beharko zituela lehen bi partidetan, eta ederki bete zuen helburua. Kadeteetan, Amiano-Sodupek Mikelarena- Telletxeari irabazi zieten. Sodupek ongi astindu zuen pilota ezker-eskuin, eta segurtasun handia azaldu zuen, gainera. Aginte horri fruituak atera zizkion Amianok aurreko koadroetan.
Bide beretik jo zuen gazteen arteko partidak ere, eta are errazago irabazi zuen Tolosak. Altuna- Etxeberria 22-3 nagusitu ziren Loiarte-Agirreren aurrean. Azken horiek euren mailatik oso behera aritu ziren, eta gipuzkoarrek txukun jokatzea aski izan zuten oso erraz irabazteko. Etxeberriaren aginteari distirarekin erantzun zion Altunak.
Horiek hala, dena erabakita zegoen nagusien partida hasterako, baina jaialdiko tantorik onenak eskaini zituzten lau pilotariek. Partida erdira arte gogortasuna izan zen nagusi, eta lehia ona ikusi ahal izan zen aurreko koadroetan, baina azken txanpan gehiago izan ziren Barandiaran-Gorriti nafarrak, eta 22-17 irabazi zieten Goikoetxea-Elolari.
USURBILEN
Ilunpe (Azpeitia) 2 - Pagazpe (Usurbil) 1
Etxean jokatzeari ez zion abantailarik atera Usurbilgo Pagazpek, eta amore eman behar izan zuen Azpeitiko Ilunperen aurrean. Azken urteetan emaitza distiratsuak lortzen ari dira azpeitiarrak, eta berriro erakutsi zuten aurten ere hautagai sendoa direla Berria txapelketa irabazteko. Nagusitasun osoz irabazi zituzten lehenbiziko bi norgehiagokak. Kadeteetan, Egiguren-Elosegik 22 -10 menderatu zituzten Garaiar-Albeniz II.a. Partidak ez zuen orekarik izan sekula, berehala aurreratu baitziren azpeitiarrak: 8-3, 11-3 eta 15-4. Elosegi nagusi izan zen atzeko koadroetan, eta aurrekoetan, agerian geratu zen Egigurenen joa eta kalitatea.
Emozio handiagokoa izan zen gazteen arteko lehia. Berdinduak izan ziren lehen tantoak, eta 11-8kora arte bazirudien edonork irabaz zezakeela. Nor baino nor gehiago aritu ziren bi aurrelariak ordura arte. Ordea, Alberdi II.a-Larrañaga gehiago izan ziren bigarren zatian, eta 22-12 irabazi zuten Galarraga-Iruretagoienaren aurka. Alberdi izan zen laukoteko pilotaririk onena. Hala, nagusien norgehiagokan ez zegoen ezertxo ere jokoan, eta ohorezko puntua eskuratu zuen etxeko taldeak. Santxo-Exposito 22-10 nagusitu ziren Apezetxea-Murgiondoren kontra.
BERRIA Txapelketa
Hazten jarraitzen dute
Tolosa eta Azpeitiko Ilunpe sailkatu dira Berria txapelketako finalerdietarako, eta elkarren aurka ariko dira bi aste barru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu