Neskato bat familia ereduez gogoetan

Ane Labaka Mayozek lehen pertsonan idatzi du 'Barraskiloek baino bat gehiago' eleberria, eta 10-11 urteko neska bat jarri du protagonista

Ane Labaka Mayoz idazlea, Barraskiloek baino bat gehiago liburuaren aurkezpenean, Donostian. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
«Maitasuna da galtzea.
Maitasuna da galtzea, nahita.
Maitasuna da zerurik gabeko
[oihan batean galtzea.
Maitasuna da zerurik gabeko
[oihan batean galtzea, nahita.
Maitasuna da abentura.
Maitasuna da beldurra galtzea.
Maitasuna da sekula
[bukatzerik nahi ez izatea.
Maitasuna da sekula
[bukatzerik nahi ez duzun arren [buka daitekeela —eta, ziurrenik, [lehenago edo beranduago [bukatu egingo dela— onartzea.
Maitasuna da galtzeari
[beldurra.
Maitasuna da beldurra».

Poema itxurako testu horrekin hasi du Ane Labaka Mayoz idazle eta bertsolariak Barraskiloak baino bat gehiago liburuaren aurkezpena; nobelan ageri den pasarte bat da. 10-11 urteko neskato baten gorputzetik idatzi du liburua, lehen pertsona erabilita, eta gurasoek banandu egingo direla esaten dioten unea hartu du abiapuntutzat. Hala, Sara izeneko protagonistaren barne mundua arakatuko du, eta, besteak beste, familia ereduen eta maitatzeko moduen inguruan hausnartuko. Erein argitaletxeak kaleratu du.

Hain zuzen, Labakaren arabera, kolokan jarri nahi izan ditu familia ereduak, eta auzitan, berriz, maitatzeko modua bera. «Nahita hautatu ditut etxeko lanei emanak diren aitak eta ama idazleak, eta aitona maitekorrak —bi masail gorri bete maitasun—, bi neskatoren sexualitatearen deskubrimendu uneak, bi ama dituzten haurrak, senideen erdiak ozeanoz bestalde dituztenak, barraskilo bat zapaltzearen antzerako krak-ak eta psikologoarengana bisitak, etxe izateari utzi dioten etxeak». Idazleak azaldu du pedagogiko izateari itzuri egiten saiatu dela, eta bukaerako irakaspenen gainetik, «gozamena; plazera eta jolasa» daudela.

Bi urteko prozesu «luze» baten emaitza da liburua. Album ilustratu bat izateko asmoarekin hasi zen Labaka testua idazten, baina nobela bat eman du azkenean. Formatuz aldatzea Uxue Razkin Ereineko editorearen proposamena izan zen, hasierako testuan garatzea merezi zuten elementuak zeudela iritzita: «Album ilustratu batek behar dituen ezaugarriak bazituen ja, baina istorioa aurkeztu zidanean, ikusi nuen bazeukala garatzeko zerbait. Ahotsa interesatu zitzaidan bereziki; zergatik hautatu zuen 10 urteko neskato baten ahotsetik kontatzea. Hori oso gauza zaila da; ahotsa orrialde guztietan mantendu behar da. Ikusten nuen bazegoela hor indar bat, Anerena». Horrez gain, egiten zituen esaldiak «oso bisualak» iruditu zitzaizkiola ere aipatu du, eta, irudia alboratuta, idazlearen deskribapenekin «nahikoa» zela erabaki zutela. Razkinen arabera, prozesuan izandako elkarrizketetan sarri komentatu izan dute ez zaiela entzuten 10-11 urteko gaztetxoei. Interesgarria iruditu zitzaien, beraz, Sarari ahotsa ematea.

Labakak aitortu du «erronka» izan dela beretzat, eta testua luzatzeak arrisku batzuk zekartzala: «Askoz errazagoa zen ahots hori testu laburrago batean mantentzea. Kanpo begiradak lagundu dit. Badut idazteko molde bat edo; haurrentzat zerbait idatzi izan dut, baina batez ere helduentzat idatzi izan dut, horretan nago gaituta, edo horretan aritu izan naiz. Orduan, ihes egiten zidaten esamolde edo hitz batzuek». Hala, adin horretako neskato baten gorputzean jartzeko ariketa egin behar izan du aldiro, eta esateko moduen bila aritu da: «Soiltze edo kimatze bat dago». Irudimenari hegoak jarri, eta Sararen zapaten gainean «dantzan» ibili da.

Edonola ere, «gozatu» egin du nobela idazten, nahiz eta tartean beste kontu batzuetan ere aritu den: «Beste gauza batzuk idazten ari nintzen bitartean idatzi dut, halabeharrez —hau ere bada sortzaile autonomoaren errealitatea—, baina aldiro itzuli naiz testu honetara irrikaz eta gogo biziz».

«Liburu maitea»

Labakak adierazi du egile bakarrak sinatutako liburuaren atzean «beste hainbat eta hainbat pertsona» daudela ezkutaturik: «Daude editoreak emandako irakurgaien erreferentziak, proposamenak, aholkuak eta erabakimena. Dago Mariñe Arbeo Astigarraga lagunari azala egin zezan proposatu nioneko poza; eta azala bera, zoragarria iruditzen zaidana. Eta daude ingurukoen eta etxekoen mimoak eta animoak».

Halaber, lehen sormen haziak ama izan nahi ote zuen erabakitzen ari zenekoak direla gogoratu du, zati handi bat haurdun zegoen bitartean idatzi zuela, eta liburuaren paperezko erditzea bere haragizko erditzetik bi hilabete eskasera izan dela. «Horregatik ere, badut eta izango dut liburu maite-maitea». Gazteei gomendatzen dieten arren, edonork irakur dezakeen liburua dela azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.