Komunikabideek urteak daramatzate eraldaketa prozesu betean, informatzeko modu berriei eta kontsumitzeko era berriei egokitzen. Prozesu zabal horren adarretako biri helduko diete EHUren Udako Ikastaroetako bi ikastarok: batek irratiek, telebistek eta Internetek 2030. urtera begira dituzten erronkak aztertuko ditu, hizkuntza gutxituetako komunikabideetan oinarrituta; besteak, berriz, euskal hedabideen audientzia digitalen neurketa landuko du, «metrika adostuen garaia» dela nabarmenduz. Izena emateko epeak zabalik daude oraindik.
Uztailaren 22an egingo da Europako irrati-telebistei buruzko ikastaroa. EITBren 40. urteurrena aintzat hartuko dute. Egun bakarrekoa izango da. Iñaki Zabaleta Urkiolak zuzenduko du. EHUko kazetaritza katedradun eta Europako Hizkuntza Gutxituen Hedabideak eta Kazetaritza (HEKA)) ikerketa proiektuko zuzendaria da Zabaleta.
Ikastaroak 2030. urtera begira jarri nahi du, ikus-entzunezko hedabideen bat egite prozesuak, eraldaketa eta gizarteko eragina aztertzeko. Hizkuntza gutxituetako irrati eta telebistetan jarriko dute arreta, zer-nolako erronkak eta estrategiak dituzten ikusteko, zerbitzu publiko gisa dagokien ardura betetzeko.
EITBk 40 urte bete ditu aurten. Urteotan izan duen garrantzia aitortuko diote ikastaroan. Galesko S4C (Sianel Pedwar Cymru) telebistak, berriz, 30 urte bete ditu. Galesez emititzen du. Hari ere aitortuko diote egindako lana.
Nabarmentzekoa da mahai inguruetako batean zenbait telebistatako zuzendariek eta arduradunek parte hartuko dutela: Sian Doyle Galesko S4Cko zuzendari exekutiboak, Alan Esslemont irlanderazko TG4 telebistako zuzendari nagusiak, Sigfrid Gras Kataluniako TV3 telebistako zuzendariak, Alfonso Sanchez Izquierdo CRTVG Galiziako irrati-telebistako zuzendari nagusiak eta Unai Iparragirre ETBko zuzendariak.
Giuseppe Abbamontek zabalduko du ikastaroa. Europako Batasuneko komunikabideen politikako zuzendaria da, CNECT Komunikazio Sare, Eduki eta Teknologien Zuzendaritza Nagusian. Haren hitzaldiaren izenburua: Irrati, telebista eta Internet Europan 2030: gai eta ikuspegi nagusiak konbergentzia, eraldaketa, eta gizarte-inpaktuaren inguruan. Euskal Herriko lau unibertsitatetako irakasleek audientziaren sakabanatzeari aurre egiteko edukiei eta zerbitzuei buruz hitz egingo dute.
Beha, neurtzeko sistema
Irailaren 12an eta 13an egingo dute euskal hedabideen audientzia digitalari eta metrika adostuei buruzko ikastaroa. Euskal hedabideen audientzia digitala ezagutzeko moduak, tresnak, aukerak eta erronkak plazaratuko dituzte. Euskal Hedabideen Behatokiak Beha aurkeztuko du, euskarazko komunikazio espazioaren audientzia digitala neurtzeko sistema. Sistema ebaluatzen eta eguneratzen aritu da 2021-2022 ikasturtean. Emaitzak kontrastatu nahi ditu ikastaroko parte hartzaileekin. Oraingoz, zortzi hedabiderekin probatu du: BERRIA, Hamaika TB, Kanaldude, Euskalerria Irratia, Elhuyar, Gaztezulo, Anboto eta Alea. Bigarren fasean gainerako hedabideetan ere erabili nahi du.
Ikastaroan parte hartuko dute metrika berriak adosteko funtsezkoak diren hiru eragileek: komunikabideek, administrazioak eta unibertsitateak. «Uda ikastaro honen bidez, euskal audientzia digitalen eremutik abiatuta, metrika adostuen garaira urratsak egiten hasteko lehen gogoeta zabala egingo da unibertsitateak, sektorea eta administrazioak elkartuta», nabarmendu dute ikastaroaren arduradunek. Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behatokiko zuzendariak eta Igor Astibia Hekimeneko zuzendariak.
Ikastaroan landuko dira, besteak beste, Google Analyticsen erabilera hedabideetan; Googletik haragoko analitika sistemak; Euskal Herriko gazteek komunikatzeko, entretenitzeko eta informatzeko dituzten ohiturak; eta cookie-rik gabeko neurketak.
Irrati-telebisten erronkak eta euskal hedabideen audientziak, EHUn
Uztailaren 22an egingo dute erronkei buruzko udako ikastaroa, eta irailean audientziena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu