Amaia Zubiriak jasoko du Adarra saria Musikaren Europako Egunean

Kantari ibilbidean lagun izan dituen musikariek parte hartuko dute Viktoria Eugeniako oholtzan

Amaia Zubiria, Viktoria Eugenia antzokiko Foyer aretoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Amaia Zubiriarentzat izango da 2021eko Adarra saria, Donostiako Udalak urtero ematen duena ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Viktoria Eugenia antzokian. «Euskal musikaren ordezkari garrantzitsuenetako bat da Amaia Zubiria», adierazi du Donostia Kultura erakundearen aholku batzordeak, Jose Joakin Forcada, Auria Etxeandia eta Esther Fernandinoren artean osatuak. «Aparteko gaitasuna duen kantaria eta musikaria da, kantu tradizionalen gaurkotzailea». Egun horretan Zubiriak eskainiko duen kontzerturako sarrerak salgai dira dagoeneko.

Zortzigarren aldia da Adarra saria ematen dutela. Mikel Laboarentzat izan zen lehendabizikoa, eta hurrengo urteetan jaso zuten Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anari Alberdik, Berri Txarrak taldeak eta iaz Kepa Junkerak.

«Benito Lertxundik esnatu ninduen ni euskal kantagintzara», kontatu du Amaia Zubiriak Viktoria Eugenia antzokiko Foyer aretoan, Olatz Beobide aktorearekin solasean ari den bitartean. «16 urte nituen nik, eta Benitok, bost gehiago. Abesti lehiaketa batera joan nintzen ezkutuan, etxean ezer esan gabe, Donostiako Arte Ederrak teatrora [1963an]. Han aditu nuen Benito, erdaraz kantatzen aurrena eta gero euskaraz. Orduan esnatu nintzen». Irratian entzuten zituen abestiak ikasita kantatzen zuen Zubiriak sariketetan: espainolak, italiarrak, kubatar bat ere bai. «Baina Benito euskaraz abesten entzundakoan dena aldatu zen niretzat. Etxean gezurra esan, zinemara nindoala edo beste edozer gauza, eta trenez eta oinez joaten nintzen Benitok kantatzen zuen herrietara: Lasartera, Usurbilera, Oriora».

Ibilbide luzea egin du Zubiriak harrezkero. Txomin Artolarekin bat egin zuen eta Haizea taldea osatu zuten. Haizea (1977) eta Hontz gaua (1979) diskoak eskaini zituzten. Ondoren, Pascal Gaigne ezagutu zuen, eta elkarrekin lanean hasi ziren 1983ko udan. Egun argi hartan (1985) eta Kolorez eta ametsez (1986) diskoak plazaratu zituzten, alde batetik; bestetik, zinemarako musika ondu zuten film hauentzat: Zergatik panpox (1985), Ander eta Yul (1988), Santa Kruz (1990), Loraldia (1990), Como tu quieras (1992). Eta berriro Artolarekin elkartu zen gero, Folk lore sorta bildumako hiru diskoak egiteko 1991-1993 urteetan.

Sei lan gehiago argitaratuak ditu Zubiriak. Horien artean dira Amonaren mengantza (1995), Haatik (2002), Nabil (2008) edo Amona mantangorri (2010).

Zubiriak bozkarioz jaso du orain Adarra saria. «Gustura nago. Kontraesanak ditut. Gaztetan ez genion kasurik egiten erakunde publikoek antolatutako ezeri. Guk lana eskatzen genuen, hori zen behar genuena. Eta ez dugu sekula omenaldirik izan, ezta nahi ere. Baina sari hau emango zidatela esan zidatenean, poz ikaragarria sentitu nuen; joan egin ziren aurreiritzi guztiak».

Musikak asko eman dio bizitzan: lagunak, pozak, maitasuna. «Oso azkar igaro dira 44 urte, lehen diskoa atera zenetik. Harrotasun pixka bat sentitzen dut, orain kantak entzun eta neronek ezagutzea polita da-eta. Beti saiatu naiz kantu atenporalak egiten, eta denborarekin ez dira alferrik galdu».

Musika lagun askorekin

Ekainaren 21ean, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokian jasoko du Adarra saria Zubiriak, brontzezko garaikur bat, Marijose Rekalde eskultoreak egina. Eta segidan kontzertua eskainiko du. «Eklektikoa izango da. Nire doinuak eta hitzak dituzten abestiak kantatuko ditut. Pieza bakoitzak nire une intimo bat kontatuko du».

Oholtzan musikari talde zabala izango du lagun: Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Aitor Furundarena, Ritxi Salaberria, Gonzalo Tejada, Luis Camino, Manu Gaigne... Eta beste zenbait kolaborazio ere bai: Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero, Ainara Ortega, eta bere seme Edorta Amurua Zubiria.

«Bertsolariak ez dira faltako», esan du, nahiz eta argitu ez duen nor izango diren. «Erreferenteak dira bertsolariak niretzat. Oso zalea naiz, aditua ez izan arren. Bertsolaria nuen aita. Lotsatia, alkoholikoa. Ona zen bertsotan. Eta kantari dotorea zen ama». Kantu txapelketetan ezagututako abeslariak ere igoko dira oholtzara. «Oraindik ez dezaket esan nor, ezta ere zenbat, bat edo bi edo hiru».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.