Argitu du

Julen Diaz de Argote
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Argitu da, behingoz, gehienok pentsatzen genuena: ostrakak faltsuak zirela. Luzea izan da prozesua, 14 urte ustezko grafitoak aurkitu zituztenetik eta 11 urte faltsukeria horiek judizializatu zirenetik.

Nahiz eta gutxiengo batek debatea «zientifikoa» zela irudikatu nahi zuen, zientziaren munduan ez zegoen inolako eztabaidarik: ez arkeologian, ez historian, ez filologian ezta kimikan ere, Espainiako Kultur Ondarearen Institutuaren informeak argi utzi zuenez.

Lehenik eta behin, azpimarratu nahi dut Euskal Herrian sekten jokabideen antzekoak dituen talde bat jaio zela gai hau baliatuz, martiri bat zutelarik irudi gisa: Veleiberrak. COVID-XIX jarri izan balu ostrakaren batean oraindik «froga arkeometrikoak» eskatuko zituzten, haientzat haien «egia» eta haien «zientzia» baitira benetakoak, soilik.

Urte luzez presiorako estrategiarekin ibili dira, fraude hau salatu zutenak mehatxatuz, zientzialarien lana desprestigiatuz, arkeologoen profesionaltasuna kolokan jartzen saiatuz... Baina, zientzialari horiei esker, gehienok argi izan dugu hau faltsifikazio zatar bat besterik ez zela: ez zela posible pieza bakar bat ere in situ aurkitu izana, ez zela posible hasperenik ez agertzea, Nefertiti izen horrekin idatzita ateratzea, eta abar eta abar (200 bat, argiago esateko).

Baina hau ez da egun batetik bestera gertatu. Eliseoren defendatzaileak ere konturatu ziren gauza batzuk defendaezinak zirela: hasieran mundu guztiak Descartes irakurtzen zuen pieza batean, baina terraplanismoaren magiaz hitz hori Miscart izatera pasa zen. Berdina gertatu zen denok hitzarekin, Denos izatera pasa baitzen. Iruña-Veleiako aztarnategiko garbitze-gelako teknika bera erabili zuten, aurretik ezberdina zen gauza bat haiek izatea nahi zutena bihurtuz.

Batzuk Atapuercaz hitz egiten zuten, Vaticano-EHU-Euskalduntze Berantiar konfabulazio bat zelarik, baina argi geratu da Atapuercaz baino gehiago Zubialdez hitz egin beharko genukeela. Descartesez ez, baina Kopernikoz edo Galileiz bai hitz egin beharko genukeela, horiek zientzia erabili baitzuten, nahiz eta beste martiridun sekta erraldoi batek haien aurka egin. Askotan esaten dute historia errepikatu egiten dela, eta badirudi oraindik zientzialarien lana kolokan jartzen saiatzen direla.

Amaitzeko, mahai gainean jarri nahiko nuke faltsukeria honetatik benetan minduta atera diren hiru adarrak. Batetik, arkeologia, ogibidearen izena zikindu baitute. Euskara ere kolpatuta atera da, hizkuntza hau zaharrena dela esateko asmoarekin ondarea eta hizkuntza zikindu baitituzte. Azkenik, kaltetuena, Iruña-Veleiako aztarnategia izan da, Araban eta EAEn dagoen erromatar aztarnategirik handiena. Espero dezagun hemendik aurrera instituzio publikoek egoera honi buelta ematea eta Veleiak erakusteko duen ondare eta informazio guztia lur azpitik ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.