Gerra Ukrainan

AEBentzat, gerra ez da «esprint bat, maratoi bat baizik»

Pentagonoko buruak esan die NATOko kideei «luzaroan» jarraituko dutela Kiev babesten. Elkar bonbardatu dute bi aldeek, frontetik urrun

Lloyd Austin Pentagonoko burua eta Oleksandr Reznikov Ukrainako Defentsa ministroa, atzo, Bruselan. O.MATTHYS / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea aldiro ari da laguntza militarra eskatzen, eta Mendebaldeak erantzuten dio behar beste denboraz lagunduko diola. Pentagonoak mezu hori nabarmendu zuen atzo, Bruselan, Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldearen bileran. Izan ere, Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak adierazi zuen «luzaroan» jarraituko dutela Kiev militarki babesten, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideei ohartarazi zien, bide batez, Ukrainako gerra ez dela «esprint bat, maratoi bat baizik». Paraleloki, Ukrainaren kontraerasoaren nondik norakoak eta aliatuen ekoizpen militarraren handitzea dituzte hizpide aliantza militarreko Defentsa ministroek, Bruselan. Bilera hori atzo hasi zen, eta gaur bukatuko da.

Horren harira, Lloydek adierazi zien aliatuei segitzeko entregatzen Ukrainari aireko defentsa sistemak eta munizioak. Maiatz hasieratik gaurdaino, ugaritu egin dira herrialdearen hegoaldeko eta hego-ekialdeko gerra fronteetatik haratago egindako bonbardaketak, eta Errusiak maiz egin dio eraso Kiev hiriburuari. Hain zuzen, aireko defentsa sistema gehiago behar dituztela azpimarratu du Ukrainako presidenteak azken asteetan. Oleksandr Reznikov Defentsa ministroak ere parte hartu zuen NATOren Defentsa ministroen bileran, baita Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldearenean ere.

Aurreko urtearen amaieran, Mendebaldearentzat zeharkatu ezineko marra gorri bat zen Ukrainari arma astunak ematea. Baina, urtarrilean bertan, Kievi erasorako ibilgailu blindatuak entregatzea onartu zuen, eta Austinek nabarmendu zuen laguntza «egokituz» joango direla, aintzat hartuta Ukrainako armadaren beharrak eta «guda zelaiko nondik norako aldakorrak».

Esate baterako, ez dago baztertuta Ukrainari F-16 gerra hegazkinak ematea. Oraingoz, pilotu ukrainarrek horiek gidatzeko formakuntza jasotzea adostu dute, eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak atzo baieztatu zuen pilotuak hasi direla abioi horiekin entrenatzen. Bide batez, Ukrainari laguntza militarra ematen jarraitzeko, Stoltenbergek argudiatu zuen aliatuen laguntzak abantaila ematen diela gudu zelaian. Eta Europako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuen atzo, zeinaren arabera eskatzen duen behin gerra bukatuta has dadila Ukraina aliantzako kide bihurtzeko prozesua.

Zaporizhiarako neurriak

Gerrari berari dagokionez, bi aldeek segitzen dute elkar bonbardatzen, hegoaldeko eta hego-ekialdeko fronteetatik urrun. Moskuk hogei drone eta lau misil jaurti zituen atzo goizaldean Odesaren eta Kryvyi Rihren aurka baina, Ukrainako buruzagitza militarraren arabera, aireko defentsa sistemek horiek denak erorarazi zituzten.

Eta Errusiak salatu zuen Ukrainako indarrek bederatzi drone jaurti zituztela goizaldean Krimeako penintsulan. Hango gobernadoreak jakinarazi zuen denak bota zituztela.

Bestalde, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren idazkari nagusi Rafael Grossik Zaporizhiako zentral nuklearra bisitatu zuen atzo, eta azpimarratu «neurri batzuk» hartu dituztela instalazioko egoera «egonkortzeko». Gerra fronteetako batetik gertu dago, eta joan den astean Dnieper ibaiko presa estrategiko bat hondatua izan ondoren, instalazioko erreaktoreak hozteko ur mailak behera egin du, eta horrek kezka eragin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.