Etxean indartsu egin nahian

Athleticek Celta hartuko du gaur. Sei partidatan zazpi puntu galdu dituzte zuri-gorriek etxean

Mikel Vesga eta Alex Berenguer San Mamesen jokatutako azken partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beti izan da San Mames Espainiako Ligako zelairik zailenetakoa bisitarientzat. Zaleen aupadalaguntza handia izaten da zuri-gorrientzat; eta berdegunean irabazteko adina meriturik egin ez dutenetan, zaleen orroek garaipeneraino eraman ohi dute etxeko taldea. Sasoia, baina, gaizki hasi zuen etxean Ernesto Valverderen taldeak, Real Madrilen aurka galduta. Geroztik, Valentziak eta Getafek ere lortu dute puntu bana. Etxean jokoan dituen hemezortzi puntutatik 11 bildu ditu Athleticek: %60 inguru. Ez da balantze txarra, baina hirunaka biltzen hasi behar du Europako postuetan sendotzen hasi nahi badu. Celta izango du hurrengo harria bidean, gaur gauean.

Behar askorekin iritsiko da Vigoko (Galizia) taldea Bilbora. Jaitsiera postuetan dago Rafa Benitezen taldea, eta aurreko urteetako mamuak ikusten hasiak dira jada. Emaitzak ez dira onak izaten ari —azken bederatzi partidetako bakarra irabazi du—, eta, gainera, azken partidetan zalantzazko jokaldietan epaileek hartutako erabakiek sutan dauzkate kluba eta inguruak. Iragan asteburuan azken minutuan ezeztatu zuen epaileak aurrez galiziarren alde ebatzitako penaltia. Lehertu beharrean zegoen Balaidos, eta Iago Aspas kapitainak VAR laguntzailearen pantaila lurrera ere bota zuen. Gero etorri ziren klubaren kexak eta entrenatzailearen kexak. Galiziarren une txar hori baliatu beharko dute zuri-gorriek zaleen aurrean sendotasuna erakusteko.

Deialdiari dagokionez, Ander Herrera eta Raul Garcia aste honetan itzuli dira taldeko entrenamenduetara, eta jokatzeko prest egon daitezke. Yeray Alvarez eta Yuri Berchiche, berriz, ez daude taldeari laguntzeko moduan. Celtan, aldiz, Renato Tapia euskarria eta Joseph Aidoo atzelaria ez dira San Mamesen izango. Lehenak txartel gorria ikusi zuen Sevillaren aurkako azken partidan, eta Ghanako atzelaria min hartuta dago. Segur aski, Unai Nuñez Athleticeko harrobiko jokalariak hasieratik jokatuko du.

Atzo arratsaldean mintzatu zen Valverde partidaren inguruan: «Egia da Celta ez dela eraginkor aritu erasoan, baina ziurrenik merezi baino puntu gutxiago ditu. Ondo egituratutako taldea da. Baina aukera ona dugu etenera Europako postuetan sendojoateko».

d

ATHLETIC-CELTA

Athletic. Unai Simon, De Marcos, Vivian, Paredes, Lekue, Ruiz de Galarreta, Vesga, Iñaki Williams, Nico Williams, Sancet eta Guruzeta.

Celta. Ivan Villar, Mingueza, Kevin Vazquez, Unai Nuñez, Starfelt, Manu Sachez, Sotelo, Carles Perez, Bamba, Strand Larsen eta Aspas.

Epailea. Juan Luis Pulido Santana.

Tokia. San Mames.

Ordua. 21:00, Movistar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.