Naiara Diezek agur esan du, eskertuta

34 urterekin, erretiroa hartu du Lointek Gernikako kapitainak. 385 partida jokatu ditu maila gorenean, 6.000 minutu baino gehiago

Naiara Diez Lointek Gernikako kapitaina, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herriko saskibaloiko ikurretako batek, Naiara Diezek (Altsasu, Nafarroa, 1987), erretiroa hartzea erabaki du. Lointek Gernikako kapitainak atzo eman zuen erabakiaren berri, klubaren sare sozialetan zabaldutako eskutitz batean: «Saskibaloi maitea, zure ondoan egindako nire kirol ibilbidea amaitu da». Izan ziren haren lehen hitzak. Eta desio bat azaldu zuen. «Espero dut pandemia egoerak hobera egitea, eta laster batean saskibaloi partidetako harmailak ikuslez beteta ikustea. Orduan esango diogu agur elkarri behar bezala». Diezek argi du. «Hau da nire geltokia, baina inork ez dezala zalantzan jarri saskibaloiaz gertutik gozatzen jarraituko dudala, harmailetatik, beste edozein zalek bezala».

Hamabost urteko kirol ibilbidea osatu du Diezek gorengo mailan. 2006-2007ko denboraldian egin zuen debuta, Mann Filter Zaragozan. Hiru denboraldi egin zituen han, eta, ondoren, Iruñeko Obenasarekin fitxatu zuen. Etxera itzuli zen. Hiru sasoi egin zituen han ere; Bigarren Mailan lehena, eta Espainiako Ohorezko Mailan beste biak. Talde nafarra onenen artean egon zen, etaLigako kanporaketetarako eta Espainiako Koparako sailkatu zen, diru arazoen ondorioz desegin zen arte. Orduan iritsi zen Gernikara, 2012-2013ko denboraldian. Guztira 385 partida jokatu ditu gorengo mailan, 6.000 minutu baino gehiago.Estudiantesen aurka jokatu zuen azken partida, otsailaren 14an. 53-64 irabazi zuen Gernikak. Diezek sei minutu jokatu zuen, eta sei puntu sartu.

Harrobiko jokalari askoren antzera, lan isilaren eta nekaezinaren fruitua izan da Diezena. Inork ez dio ezer oparitu. Atzerritik gero eta jokalari gehiago etorri arren, beti jakin du bere lekua egiten, eta bere saskiratzeen bidez askotan lortu du taldearentzat garrantzitsua izaten. Baina dena ez da saskiratzea. Haren eskarmentua ere funtsezkoa izan da, bai kantxan eta bai kantxatik kanpo. Mario Lopezek maiz kantxaratu izan du taldeari patxada eta hauspoa emateko. Harrobitik datozenentzat ispilu izan da.

Eskertuta doa Diez: «Ametsak baino hobeak izan diren uneak bizitzea egokitu zait, eta maleta une ahaztezinez eta balorez beteta daramat. Zoriontsu izan naiz, eta pozik noa. Nire kirol ibilbidean lortutako garaikurrik garrantzitsuena eskuratu dut: bizitza osorako lagunak». Hain zuzen ere, pertsona horiek une bakoitza «ahaztezin eta berezi» egin dutela nabarmendu du.

Atzera egin zuen esker horiek emateko orduan. «Bide hau Altsasu bezalako herri txiki batean hasi zen. Bertan ikasi nuen ametsak gero eta gertuago daudela lan eginez gero. Ez nuen sekula pentsatuko zaletasuna zena ogibide bihurtuko zenik».

Gernikan iritsi da gorenera; zortzi urte egin ditu han. «Nire etxea bihurtu da: beste gernikar bat gehiago naiz. Malosterentzat eta marea granatearentzat esker hitzak baino ez ditut, kantxan eta kantxatik kanpo haien berotasuna sentitzea ahaztezina izan baita». Eta, nola ez, taldekideak izan zituen gogoan. «Eskerrik asko kapitain lanak errazteagatik.Zuen laguntzari esker lortu dut nire onena ematea». Familiarentzat ere izan zituen hitzak: «Umila izaten erakutsi didazue. Beti egon zarete nire ondoan, eta une zailetan ez erortzeko sostengu izan zarete».

Hain zuzen ere, haren aita saskibaloi epaile izan da, eta haiek ere aipatu zituen: «Badakit zein zaila den zuen lana. Zuen lana errespetatzen erakutsi didazue. Beti izan duzue jarrera adeitsua nirekin».

Diez beti izan da emakumeen saskibaloiko ahotsetako bat euskaraz. Hedabideei ere eskari bat egin zien agur eskutitzean: «Segi emakumeen kirolaren bozgorailu izaten. Ez dago beste biderik aurrera egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.