Nagusitasunez aurrera

Iruñeko Oberena eta Zeanuriko Joko Alai oso erraz sailkatu dira Berria txapelketako final-laurdenetarako, eta elkarren aurka jokatuko dute

Laso Oberenako kadete mailako aurrelaria, pilota jotzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon eskudero
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Emoziotik gutxi izan du XVI. Berria txapelketako final-zortzirenetako azken kanporaketak. Pronostikoek oreka aurreikusten zuten asteburuan jokatu ziren bi jaialdietan, baina Iruñeko Oberenak eta Zeanuriko Joko Alaik nahi bezala sailkatu ziren final-laurdenetarako. Nafarrek hiru partidak irabazita kanporatu zuten Oiartzungo Oiarpe, eta gauza bera egin zuten zeanuritarrek Burlatako Zugarralderen aurrean. Hala, erabakita daude final-laurdenak: Tolosa-Erreka, Ilunpe-Pagazpe, LAPKE-Olgetan eta Oberena-Joko Alai izangodira. Zerrendaburu guztiek egin dute aurrera, beraz.

ZEANURIN
Joko Alai (Zeanuri) 3  -&nbsp Zugarralde (Burlata) 0


Etxean hartu zuen Joko Alaik Zugarralderen bisita, eta etxekoek ez zuten abantaila alferrik galdu. Kadeteetatik hasita, nagusitasuna erakutsi zuten bizkaitarrek. Beitia-Emaldik 22-10 irabazi zuten Itoiz-Maizaren aurka. Lehen tantoak gogor joan ziren, eta 8-6kora arte oreka nagusitu zen, baina gerora Beitiaren erritmoak agindu zuen. Aurrelari bizkaitarrak erabaki zuen lehia. Gazte mailako partida eguneko gogorrena izan zen, eta Etxeita-Erkiagak 22-14 irabazi zieten Villanueva-Lergari. Lehen erdian paretsu aritu ziren bi bikoteak, eta seina eta 11na joan ziren, baina gerora eskuin eskua mindu zitzaion Lergari, eta bigarren zatiak ez zuen lehiarik izan.

Horiek hala, Zugarraldek oso zail zituen lanak nagusien partidan, tanto alde handiz irabazi beharra baitzuen. Baina porrota baino gauza okerragoa gertatu zitzaien nafarrei, min hartu baitzuen Alduntzinek 13-11koan. Ordura arte partida ona jokatzen ari ziren Zeanuriko Urigoitia-Beldarrain eta Burlatako Antso-Alduntzin. Ordea, pilota bat bueltatzera joandakoan orkatila bihurritu zuen Alduntzinek, eta erretiratu beste aukerarik ez zitzaion geratu.

HERNANIN
Oberena (Iruñea) 3  -  Oiarpe Oiartzun 0


Zeanuriko gidoitik jo zuen Hernaniko jaialdiak ere, hiru partidak irabazita menderatu baitzuen Iruñeko Oberenak Oiartzungo Oiarpe. Kadeteetan, 22-15 irabazi zuten Laso-Ilarregik Sein-Etxeberriari. Oso partida interesgarria izan zen, lau pilotariak, gazteak izan arren, bikain aritu baitziren. Bi atzelariek jo handia azaldu zuten, eta aurrelariek, inspirazioa. Mota guztietako tantoekin, zortzina, 11na eta 15na egon ziren. Nekea gehiago antzeman zuten gipuzkoarrek, eta freskotasunik gabe jokatu zuten bukaeran, nafarren mesederako.

Emozio eta maila gutxiago izan zituzten gazte eta nagusi mailetako partidek. Gazte mailan, besteak beste, 22-7 irabazi zuten Zugarraldeko Igoa-Ganboak Oiarpeko Aranburu-Iñarraren aurka. Enpresek begiz joa duten pilotaria da Igoa, eta haren mailaren berri eman zuen. Denetariko tantoak eskaini zituen. Nagusietan, berriz, Canabal-Aldabe nafarrak 22-9 nagusitu ziren Ugalde-Azpirozen aurrean. Alde handia egon zen bi bikoteen artean. Oberenakoak maila horretako pilotari onenetakoak dira, eta partidak ez zuen lehiarik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.