Ruizek presoak Euskal Herriratzea jarri du «bizirik ateratzeko baldintza gisa»

AEMren arabera, kartzelak ospitalera joatea proposatu dio presoari, baina uko egin dio Ruizek

Patxi Ruiz presoaren aldeko protesta bat, astelehenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Patxi Ruiz euskal presoa egarri eta gose greban dago Murtzia II espetxean, eta sei puntuko aldarrikapen zerrenda bat plazaratu du, AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak zabaldutako ohar batean. «Bizirik ateratzeko baldintza» gisa «euskal preso politiko guztiak» Euskal Herrira ekartzeko eskatzen du ohar horretan, baita Murtzia II espetxean bere «integritate fisikoaren segurtasuna bermatzea» eta zuzendari, mediku eta kartzelarien «mehatxu, jipoi eta irainak» bertan behera gelditzea ere. Printzipioz, AEMk zabaldu zuen Ruiz ospitalera eraman zutela atzo arratsaldean, baina segidan gezurtatu zuen informazio hori. AEMren hitzetan, kartzelak ospitalera joateko proposamena egin zion Ruizi, baina uko egin zion hark.

AEMren arabera, medikuek hainbat proba egin zizkioten atzo Ruizi, eta, haien arabera, «giltzurrunetako akatsa» pairatzen ari da presoa: «Oraindik bere kabuz ibiltzeko gai da, baina haren egoera oso larria da, eta hiltzeko benetako arriskua dago».

Ruizen abokatuek asteartean ohar batean adierazitakoaren arabera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak espetxeari eskatua dio Ruizen osasun egoeraren txosten bat bidal diezaiola. Ruizek astelehenean jakinarazi zuen ez zuela erietxera eramaterik onartuko ez bazen Espainiako Auzitegi Nazionaleko auto judizial batek behartuta.

Espainiako Espetxe Erakundeekin harremanetan jarri daBERRIA, eta, haien arabera, Ruizek ez dio espetxe administrazioari komunikatu gose eta egarri greban dagoenik.

Asier Ezeiza presoa, aske

Asier Ezeiza Aierra Hernaniko (Gipuzkoa) euskal presoa aske gelditu zen atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalak askapen autoa kaleratu eta Frantziako zigorra bete ondotik. Frantziak urte hasieran Espainiaren esku utzi zuen, epaiketa bat egin ziezaioten. Absolbitu, eta Frantziara bidaltzekoak ziren, zigorra osorik betetzeko, baina COVID-19a dela-eta Zaballan (Araba) egon behar izan du. Frantziako zigorra bete duenez, aske utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.