Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko negoziazioak «azken fasera» iritsi dira. Akordioak sinadurak baino ez ditu falta. Bien arteko etorkizuneko harremana finkatuko duen testua «prest» dagoela zabaldu zuten atzo gauean bi aldeek. Edizio hau ixterako orduan, edukiak idatzita zeuden, baina «azken orrazkeraren» zain zegoen.
Lau urte luze igaro dira Erresuma Batuko biztanleek erreferendum bidez Europako Batasuna uztea erabaki zutenetik. Abenduaren 31n behin betiko haustura gauzatuko da eta britainiarrak ez dira Europako merkatu bateratuaren eta aduana batasunaren parte parte izango. Azken hilabetera arte erabat blokeatuta egon dira negoziazioak, baina egunotan negoziatzaileek aurrerapauso handiak egin dituzte etorkizuneko merkataritza akordioaren arlo guztietan, gobernantzaren eta lehiaren arloko baldintza berdintasunaren kapitulu zailetan barne. Hego eta Ipar Irlandaren artean mugarik ez ezartzeko erabakian Londresek atzera egin izanak arriskuan jarri zuen akordioa, baina abendu hasieran Johnsonek uko egin zion bere asmoei.
Negoziatzaileen arabera, arrantzari buruzkoetan korapilatu dira elkarrizketak, baita azken orduan ere. Atzo iluntzean akordioari buruzko xehetasunik ez zuten zabaldu, baina AFP agentziak Frantziako Gobernuko iturriak aipatuz zabaldu zuenez, Erresuma Batuak amore emango luke bere asmoetan, eta EBko ontziek sarbidea izango lukete Ingalaterrako eta Eskoziako uretan, baina egungo kuotak berrikusita.
Behin behinean indarrean
Akordioa baieztatzen bada, lehen urratsa izango da hurrengo orduetan enbaxadoreak deitzea. Orduan, 24 eta 48 ordu arteko epea irekiko litzateke estatu kideek akordioa aztertzeko eta beren oniritzia emateko. EBren asmoa litzateke akordioa behin-behinean aplikatzea urtarrilaren 1etik aurrera, gero Europako Parlamentuak babestu dezan.
Arrantzaz gain, araudien antzekotasunetan dago beste gako nagusia. EBk negoziazio prozesuan argi utzi du Erresuma Batuak merkatu bakarrerako sarbidea nahi badu, lanari, ingurumenari eta diru laguntza publikoei buruzko araudia errespetatu beharko duela, edo antzeko araudia izan. Horrekin eragotzi nahiko luke bere auzo batek arauak malgutu eta merkeago ekoitziz lehia desleiala egitea. Johnsonek, baina, behin eta berriz adierazi du asmorik ez duela lan eta ingurumen kontuetan araudia aldatzeko, baina laguntza publikoetan zalantza gehiago agertu ditu.
Beste eztabaidagai bat izan da zer egin behar duten bi aldeek gatazkak dituztenean. Negoziazioaren hasieran, Bruselak nahi zuen Europako Justizia Auzitegiak izatea azken hitza, baina, Londresen ezezko borobila ikusita, orain ontzat hartuko luke bere enpresek Erresuma Batuko auzitegietara jotzea. Aldi berean, EBk tresnak nahi ditu bere merkatua tarifekin bizkor babesteko, baldin eta ikusten badu Londresek ez duela hitzartutakoa betetzen. Londres kexu agertu da EBk ez dizkiola baldintza horiek jartzen beste bazkideei, eta horrela behartuta dagoela arau kontuetan EBren atzetik joatera.ikusteko dago akordioak zer dioen puntu horien inguruan ere.
'Brexit'-ari buruzko akordioa prest daukate Londresek eta Bruselak
Gaur eta bihar artean Europako Batasuneko kideek oniritzia eman beharko diote testuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu