Bihar egingo dute Guatemalako presidentetzarako hauteskundeen bigarren —eta azken— itzulia. Lehenengoa ekainaren 25ean izan zen, eta orduan boto gehien lortutako alderdiak igaro dira bigarrenera: Semilla mugimendua eta UNE Itxaropenaren Nazio Batasuna alderdia. Bernardo Arevalo da Semillako presidentegaia, eta Sandra Torres UNEkoa. Prozesu judizialek nabarmen baldintzatu dute kanpaina.
Azken urteetan, hainbat agintari atxilotu dituzte Guatemalan, ustelkeriagatik. 2015. urtean, Otto Perez presidentea kargutik kendu zuten, aduanen harira gertatutako zerga iruzur batean nahasia egoteaz akusatuta. Geroztik, herrialdeko politikari askori egoitzi zaie ustelkeria. Horregatik, herritarrek konfiantza «eskasa» dute gobernuan, Arevaloren ustez.
Lehenengo itzulian, inkestek iragarri arren Arevalo zortzigarren izango zela, botoen %11,8 eskuratu zituen Semilla mugimenduak, eta bigarren posturaino igo. Emaitzak zirrara handia eragin zuen, Arevalok gainditu egin baitzituen presidentetza lortzeko borrokan faborito zirenak. Torresek botoen %16 bereganatu zituen: lehenengo tokian geratu, eta hirugarren aldiz igaro zen bigarren itzulira. 2015 eta 2019 urteetan ere lortu zuen buruz buruko lehian sartzea.
Guatemalako Fiskaltzak Semilla legez kanpo uzteko eskatu zuen ekainaren 25eko emaitzak jakin eta hurrengo egunean. Alderdia sortzeko afiliatuen sinadurak baimenik gabe biltzea egotzi zioten Semillari. Hala ere, hauteskunde batzordeak ez zuen onartu eskakizuna.
Rafael Curruchiche inpunitatearen aurkako fiskal bereziak bideratu zuen Arevaloren alderdiaren kontrako prozesua. Bigarren itzulia amaitzean Semillako egoitzan «atxiloketa, miaketa eta ikerketa sakonak» izango direla ohartarazi zuen Curruchichek atzo. Fiskala bera ere funtzionario ustelen Engel zerrendan sartu zuten Ameriketako Estatu Batuek iaz.
Ezkerreko alderdia da Semilla. Ustelkeriaren aurkako manifestazioen harira sortu zen, 2015. urtean, eta ustelkeriaren aurkako borroka da Arevaloren politiken oinarri nagusia ere. UNE alderdia ideologikoki aldatuz joan da urteek aurrera egin ahala. 2008an, UNEk osatu zuen gobernua, eta ezkerreko politikak ezarri zituen. Torres alderdiko buru bilakatzean, baina, politika kontserbadoreagoak bultzatzen hasi zen. UNEk harreman estua du elite ekonomikoarekin, eta «familia tradizionalaren, bizitzaren eta erlijioaren» defentsa du oinarrian.
Torresek gogor jo du Arevalo eta Semillaren aurka kanpaina osoan. Arevalo «politikari ustela» dela esan, eta behin eta berriz ekarri du hizpidera Semillako afiliatuen sinaduren polemika. Baina 2019. urtean Torres bera ere atxilotu zuten, UNE alderdiaren finantzaketan irregulartasunak antzeman ostean. Horregatik, Semilla alderdikoek diote Torresek ustelkeriaren aurka esandakoak «hipokrisiaz beterik» daudela. Azkenean, 2022an, kasua atzera bota zuen epaile batek. Horrez gain, hezkuntzaren «kontrol handiagoa» defendatu du Torresek: «Umeak zaindu behar ditugu sexu askatasunaren aurka».
Semillak, aldiz, sexu askatasuna eta naturaren defentsa landu ditu. Arevalok esan du «narkotrafikoaren aurkako borroka» sustatuko duela. Semillako buruak adierazi du alkate eta politikari asko «kartelen menpe» daudela, eta berak osatutako gobernuak «amaiarazi» egingo lukeela hori.
Delinkuentzia, kezka iturri
Ustelkeriaz eta ekonomiaz gain, herritarren kezka nagusia delinkuentzia da —egunero batez beste zazpi lagun erailtzen dituzte Guatemalan—. Arevalok herritarrei proposatu die delitu larriak egindako presoak kartzelatzeko presondegi berri bat eraikitzea. 12.000 polizia postu sortzeko asmoa ere badauka. El Salvadorreko presidente Nayib Bukeleren ereduari jarraitu nahi dio UNEk. Delituak amaitzeko bidean «kaleak militarizatzeko» beharra dagoela aldarrikatu du Torresek.
Semilla mugimendua alternatiba moduan aurkezten da, azken hamarkadetako politiketatik aldendutako aukera moduan. Inkesten arabera, Arevalok irabaziko du, botoen %64,9 eskuratuta. Torresek, berriz, botoen %35,1 bilduko luke. Astelehenean Guatemalako Canal 7 katean egindako eztabaidan, argi geratu zen lehia gogorra dagoela bi hautagaien artean, baina ikusleek Arevalo jo zuten irabazletzat.
Guatemala
Guatemalan aldaketarako aukera dute
Presidentetzarako bozen bigarren itzulia egingo dute bihar. Semilla alderdia lehenengo aldiz izango da buruz burukoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu