Orion gertatu den eztandan gizonak andrea hil ote duen ikertzen ari dira

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, bortxa matxista da hipotesi nagusia

Deflagrazioa gertatu zen tokian, atzo, ertzainak lanean. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Tiroketa baten ondorioz hildako bi pertsonaren albistea hedatu zen aurrena atzo arratsaldean; Orion (Gipuzkoa) gertatu zela jakin zen, kale erdian, jendea erruz ibili ohi den parke batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, tarte batera, baieztatu zuen bi pertsona behintzat zendu zirela, eta «deflagrazio» baten ondorioa izan zela dena. Berehala zabaldu zen andre bat eta gizon bat zirela hildakoak, eta ilunabarrean iturri ofizialek jakinarazi zuten indarkeria matxista dela ikertzen ari diren hipotesi nagusia. Astia beharko zutela esan zuten aurrena Segurtasun Saileko iturriek, baina ilunabarrerako zabaldu zuten berria.

Bi hildakoek bikote harremana izan zuten egiaztatzeko ikerketak egiten ari ziren, hain justu, atzo ilunabarrean, eta gizonak deflagrazioa andrea hiltzeko asmoz eragin ote zuen. Zenbait iturriren arabera, etenda zuten bikote erlazioa. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk berak ere bortxa matxistarekin lotu zuen gertaera, iluntzean egin zuen ekitaldi batean. Ikerketak hipotesia baieztatzen badu, aurten indarkeria matxistaren ondorioz Euskal Herrian hildako lehenengo emakumea izango da.

Larritasuna

Gertaera 17:30 inguruan jazo zen. Hainbat lekukoren arabera, bi petardo lehertu izan balira bezalako soinua entzun zen. Auzokoek bi pertsona topatu zituzten, hilda, buruan zauriak zituztela. Emakumezkoaren gorpua eserlekuan zegoen, eta gizonezkoarena, lurrean. Ertzaintzak eremua hesitu zuen, eta gertaturikoa ikertzen hasi zen. Adierazi zutenez, ikertzen ari dira gizonak propio eraman ote zuen toki horretara lehergailu bat, eta hantxe andrea hiltzeko asmoz zartarazi otezuen. Hainbat lekukok ere adierazi zuten hori bera gertatu zela. Zenbait iturriren arabera, etxean egindako lehergailu motaren bat zen zartarazi zuena. Eskopeten hipotesia baztertzeko zegoela adierazi zuten beste hainbat iturrik. Ertzainek jarraitu zuten esaten deflagrazio bat izan zela.

Momentu latzak izan ziren inguruan, jende asko baitzebilen, eta ezuste handia izan baitzen. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Basaurin EAJk eginiko mitin batean (Bizkaia) baieztatu zuen gertaera ikertzen ari direla indarkeria matxista kasu baten moduan. Minutu bateko isilune bat egin zuten.

Aurreko kasuak

Iaz, lau emakumezko hil zituzten bikotekideek Euskal Herrian, eta semeak emandako tratu txarren ondorioz hil zen beste bat. 2003tik, indarkeria matxistaren ondorioz 117 andrazko hil dira Euskal Herrian, 11 haur.

Sara Pina izan zen lehen hildakoa iaz, 38 urteko emakumezko bat. Tuteran hil zuen bikotekideak (Nafarroan), etxean. Agertzen ez zela-eta, bila joan zitzaizkion gertukoak, eta hantxe aurkitu zuten, hilotz. Apirilaren 26an Felisa S.P. hil zen Gurutzetako erietxean, Barakaldon (Bizkaia). 90 urte zituen, eta erietxera eraman zuten min hartuta; zauriak tratu txarrekin lotu zituzten osasun profesionalek, eta handik aste batzuetara semea atxilotu zuten. Irailean Maria Luisa Larrañaga hilotz agertu zen Benidormen (Herrialde Katalanak); senarra auto istripu batean hil zela esatera joan zitzaizkion, eta orduan aurkitu zuten. 68 urte zituen, eta sortzez Soraluzekoa zen (Gipuzkoa).

Urte amaieran gertatu ziren azken bi hilketak. Abenduren 19an Maria del Carmen Ruiz Huerta hil zen, Zaragozan; gero jakin zen Corteskoa zela (Nafarroa). Senarrak berak jo zuen Poliziarenera, emaztea hil zuela esanez. Abenduren 28an Rebeca Huayta Huacan hil zuen bikotekideak. Bilboko San Frantzisko auzoan taberna bat zuten, eta hantxe aurkitu zuten, hilotz. 45 urte zituen. Hilketa guztiek izan zuten instituzioen arbuioa, eta mugimendu feministak ere salatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.