Euskarari buruzko «araudi berri bat» prestatzen ari dira Nafarroan

Lan eskaintza publikoetan euskara meritu gisa aintzat hartzearen alde azaldu da Ollo kontseilaria

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz - Ainhoa Larretxea Agirre
Iruñea
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Euskararen dekretua aldatuko dute. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak urriaren 1ean baliogabetutako artikuluak berrikusiko dituzte. Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eman du erabakiaren berri, legebiltzarrean eginiko agerraldian. Gobernuak eutsi eginen die dekretuan oraindik indarrean diren puntuei, eta horiek «garatzen segitzeko» asmoa agertu du Ollok. Are: kontseilariaren irudiko, epaileek ontzat jo dute «euskararen dekretuaren zati handiena», 41 artikulutik 36 ez baitituzte atzera bota. «Nafarroako Auzitegiak babestu egin du dekretuaren %90etik gora; hortaz, dekretua bizirik dago».

Baliogabetutako artikuluei dagokienez, ordea, Ollok esan du gobernua «araudi berri batean» lanean ari dela: «Bertan behera gelditu diren artikuluen kasuan, epaiak hutsune juridiko bat eragin digu». Kontseilariak azaldu duenez, sententziak de facto baliogabetu ditu aurreko dekretuak ere. «Hortaz, merituei dagokienez, ez legoke araudirik, ezinezkoa baita aurreko dekretuetara itzultzea».

Ziurgabetasun hori konpontze aldera, bi bide aipatu ditu Ollok: batetik, epaiaren kontra kasazio helegitea aurkeztea eta, bestetik, dekretua osatzeko arau berriak ontzea. Helegiteari buruz, gobernuak ez du erabakirik hartu, oraingoz: «Helegitea aurkeztuko ez balu, gobernuaren borondatearen esku geratuko litzateke eremu ez-euskaldunean eta mistoan errotulazio elebiduna jartzea, ez litzateke Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna beteko. Nafarroako Euskararen Legearen hainbat artikulu ere urratuko lirateke, eta eremu euskaldunetik kanpoko lan deialdietan, euskarak ez luke izanen gutxieneko puntuazio orokor bat, beste hizkuntzek ez bezala».Gobernuak lantalde bat osatu du, euskararen araudi berria prestatzeko. Ollok azaldu du euskara meritu gisa aintzat hartzeko neurriak zehaztuko dituztela araudi horretan. Euskara meritu gisa aintzat hartzearen alde azaldu da Ollo: «Ez dugu langile erdipurdikoen administraziorik nahi». Langile publikoek euskara jakiteak herritarren arreta «hobetzen» duela nabarmendu du kontseilariak.

Eztabaida parlamentuan

Olloren agerraldiak eztabaida piztu du. Navarra Sumak euskararen dekretua erretiratzeko eskatu du. Gainontzeko alderdiek ez dute eskuineko koalizioarekinbat egin, eta euskararen dekretua betetzearen alde mintzatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.