Bruselak baldintza digital zorrotzagoak ezarri dizkie sei erraldoi teknologikori

Monopolioen aurkako merkataritza elektronikoko legera egokitzeko agindu die Apple, Meta, Alphabet, Microsoft, Amazon eta ByteDanceri

Appleren denda bat. M. R EYNOLDS / EFE.
aitor biain
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak argitu du zein den Interneteko enpresa erraldoien bere zerrenda beltza: merkataritza elektronikoari buruzko arau berriak bete beharko dituzten enpresak zeintzuk diren jakinarazi du. Denera, sei enpresa sartu ditu zerrendan: Alphabet, Amazon, Apple, ByteDance, Meta eta Microsoft. Bruselak «atezain digital» gisa identifikatu ditu enpresa horiek, uste baitu nahikoa indar badutela merkatuaren oreka baldintzatzeko. Sei hilabeteko epea izango dute legeak ezartzen dituen baldintzak betetzeko edo arauaren aurkako helegitea aurkezteko.

Urtebete da Europako Batzordeak merkataritza elektronikoari buruzko arauak eguneratu zituela. Bi lege onartu zituen zehazki Interneteko atari handiek merkatuan duten abusuzko praktikak murrizteko eta lehia orekatzeko: Zerbitzu Digitalen Araua (ZDA) eta Merkatu Digitalen Araua (MDA). Lege horiek aukera ematen diote batzordeari isunak jartzeko, uste badu enpresa batek merkatuaren lehia askea oztopatzen duela. Monopolio jarduna duela berretsiko lukeen ikerketa txostenik gabe zigortzeko ahalmena ematen dio, gainera.

Izan ere, Bruselak irizpide batzuk ezarri ditu horretarako, hau da, enpresa bat «atezain digitala» den edo ez ebazteko. Esaterako, azken hiru urteetan 7.500 milioi euroko fakturazioa izatea Europako Batasuneko herrialdeetan, edo gutxienez 45 milioi erabiltzaile aktibo izatea, eta 10.000 enpresa erabiltzaile. Arestian aipatutako enpresek betetzen dituzte baldintza horiek guztiak.

Datuak babesteko agindua

Zehazki, atari horiek ematen dituzten 22 zerbitzuk bete beharko dituzte monopolioaren aurkako legearen baldintzak: Facebook, Instagram, Tiktok eta Linkedin sare sozialek, Whatsapp eta Messenger mezularitza sistemek, Youtube bideo plataformak, Google bilatzaileak eta Chrome eta Safari nabigatzaileek. Baita iOS, Android eta Windows sistema operatiboek, aplikazioak erosteko atariek (App Store, Google Play), eta Googleren, Amazonen eta Metaren publizitate tresnek.

Aldiz, arautik kanpo geratu dira Bing bilatzailea, Edge nabigatzailea, Apple iMessage mezularitza zerbitzua, Appleren tabletako sistema operatiboa eta Gmail eta Outlook posta zerbitzuak. Dena den, batzordeak ikerketa bat abiatu du jakiteko ea horiei ere arauaren baldintzak betearazi behar zaizkien edo ez.

Atzoz geroztik, konpainiek Europako Batzordeari jakinarazi beharko diote beste enpresa bat erosi nahi dutenean, eta Bruselarekin harremana izango duen bitartekari bat izendatu beharko dute. Izan ere, gehienak AEBetakoak dira, eta Europako egoitza Irlandan izan ohi dute.

Merkataritza elektronikoaren arauak debekatu egiten die enpresei beren zerbitzuen bidez eskuratutako datuak beste zerbitzuekin lortutakoekin bateratzea. Alegia, Metak ezingo du Facebook bidez eta Whatsapp bidez lortutakoa bateratu. Era berean, ezingo dituzte erabiltzaileak behartu konpainiaren aplikazio jakin batzuk beren gailuetan instalatuta izatera. Eta finantza erakundeek ordainketa zerbitzu alternatiboak eskaini ahal izango dituzte, halaber. Araua urratuz gero, urteko sarreren %20rainoko isunak jaso ditzakete enpresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.