Inflazioa %3,3ra jaitsi da, baina elikagaietan ez du eraginik izan

Iazko martxoko prezioekiko konparazioak eragin du beherakada, bereziki energienak. Barazkiak %6,8 garestitu dira otsailetik

jokin sagarzazu
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian beheranzko joeran jarraitzen du inflazioak, baina ez produktu guztietan, elikagaienak KPI orokorretik oso gora segitzen baitu. INE Espainiako estatistika institutuaren arabera, kontsumo prezioen indizeak (KPI) jaitsiera esanguratsua izan du otsailetik martxora, %5,9tik %3,4ra, energiaren merkatzearen eraginez, beste behin ere. Izan ere, azpiko inflazioa —zeinak ez ditu kontuan hartzen erregaien prezioak— oso goian dago oraindik, eta otsailean bezala mantendu da:%7,5ean, 2000. urtean abiatutako ziklo historikoko mailarik altuenean.

KPI orokorraren jaitsiera datu ona baldin bada ere, letra txikia irakurri behar da. Otsailekoarekin konparatuta, kontsumo produktuen prezioak 2,5 puntu jaitsi dira, baina hilabete batetik bestera beste %0,5 igo dira. Datuak kontraesana irudi dezake, baina badu azalpena. Gaur egungo prezioak iazko martxokoekin alderatzen dira. Orduan hasi ziren nabaritzen Ukrainako gerraren ondorioak —otsailaren 20an hasi zen gerra—, eta oso indartsu, gainera. Martxoan, inflazioa %9,6ra igo zen, %3 hilabete batean, eta erregaiak, berriz, %37,4.

Aurtengo martxoan prezioak %0,5 bakarrik igo dira otsailarekin alderatuta. Hau da, iaz baino nabarmen gutxiago, eta horrek azaltzen du inflazioaren jaitsiera. Aurreko hilabeteetan, inflazioa kalkulatzen zenean, gerra hasi aurretik zeuden prezioekin alderatzen zen. Eta hori zen inflazioari buruzko hain datu handiak izatearen arrazoietako bat. Orain, gerra hasita zegoen hilabetekoekin egiten da konparazioa, eta aldea (inflazioa) txikiagoa da.

KPI orokorra energien prezioak merkatu direlako apaldu da bereziki. Etxeko gastuak deiturikoak —berokuntza, argia eta ura— iazko martxoan baino %30,8 merkeago daude. Gogoratu behar da orduan %68,4 igo zirela. Erregaietan, alde handia dago urte batetik bestera: aurtengo martxoan %7,9ko jaitsiera izan dute, eta iaz %37,4ko igoera izan zuten.

Zuloa erosketa saskian

Beste aldean, elikagaiak daude. Iazko martxoko prezioekin alderatuta, %15,8 garestiago daude. Hurrengo hilabeteetan, halere, baliteke behera egitea, aipatutako koska efektuarengatik, iaz apiriletik aurrera etengabe garestitu baitziren jakiak. Bestalde, nahiz eta azpiko inflazioa handia izan eta elikagaien prezioak ere garesti egon, nahiko egonkor mantendu dira urte hasieratik —otsailean bezala, %7,5ean eta %15,8an, hurrenez hurren—, eta badirudi goia jo dutela.

Edonola ere, oinarrizko produktu batzuen garestitzeak ez du etenik, eta, kontsumitzaile elkarte batzuek salatu duten moduan, ezerezean geratu da urte hasieran Espainiako Gobernuak horietako batzuei BEZa kendu izanaren eragina. Adibidez, lekaleak eta barazkiak %6,8 garestitu dira otsailarekin alderatuta, olioa %2,3, eta arrautzak, %2,1. Lagundutako produktu horien artean igoera apalagoak izan dituzte ogiak (%0,8) eta esneak (%0,05).

Urte arteko bilakaerari dagokionez, azukrea da, alde handiz, Hego Euskal Herrian gehien garestitu den produktua, %60,8 iazko martxotik. Ondoren, esnea (%31,3), olioa (%30,4), arrautzak (%26,3), lekaleak eta barazkiak (%23,6), patatak (%23) eta jaki prestatuak (%21,7). Elikagaien artean, %10etik beherako igoera produktu gutxi batzuek baino ez dute izan; horien artean, arrain fresko eta izoztuak (%6,2) eta fruta freskoak (%2,4).

Haragien artean, txerrikiek izan dute igoerarik handiena otsailetik martxora: %3,3. Eta iaz baino %18,8 garestiago daude. Hegazti okela apur bat merkatu den arren (%0,9), duela hamabi hilabete baino %11,8 gehiago ordaintzen da kiloa.

Igoera handia izan duten beste produktu batzuen artean konpresak daude: %8,5eko igoera izan dute iaztik, nahiz eta Madrilek BEZa %10etik %4ra murriztu duen. Garraio publikoak, berriz, %19,5eko jaitsiera izan du, laguntza publikoengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.