Nafarroako langile publikoak grebara deitu dituzte hilaren 15erako

ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilasen arabera, gobernuak ez du negoziatzeko borondaterik izan

Grebara deitu duten sindikatuetako ordezkariak, atzo, Iruñeko Kondestablearen jauregian. IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Azkenean eztanda egin du. Nafarroako Gobernuaren jarreraz nekatuta, sektore publiko osoa grebara deitzea erabaki dute sindikatuek, langile publikoen lan baldintzak hobetzeko eta «benetako» negoziazioa eskatzeko. Greba otsailaren 15ean izanen da, eta, ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilas sindikatuek aurkeztu duten ohar bateratuan, sektore publikoaren pribatizazioa amaitzea exijitu dute: «Nafarroako Gobernuak benetako negoziazioa egin dezala nahi dugu, guk planteatutako aldarrikapenei erantzuteko. Horregatik, sektore publiko osoaren grebarako deialdia egiten dugu otsailaren 15erako», adierazi du Isabel Artiedak (LAB).

Hauek dira sindikatuen aldarrikapenak: sektore publikoko pribatizazioa amaitzea eta orain arte pribatizatu dena iraultzea; gobernuak autogobernu eskumenak erabiltzea; enpleguaren egonkortasuna eta behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea; arreta hobetzea, enplegua sortzea eta gazteak kontratatzea; eta, azkenik, prestakuntza eta dedikazioa sustatu eta ordaintzea—soldatak igotzea, alegia—.

Soldaten igoerak garrantzia izan du greba antolatzeko orduan. Izan ere, 2022ko urtarrilean Nafarroako Gobernuak ordainsaria %2 igotzea onartu zuen. Inflazioaren urteko bilakaera ikusita, azaroan beste %1,5 igotzea onartu zuen, atzerako eraginez; beraz, osotara %3,5 gora egin zuten soldatek 2022an. Aurtengo urtarrilean, % 2,5 igo dituzte. Erosahalmenaren galera salatu dute sindikatuek. Izan ere, Nafarroak %6,4ko inflazioarekin bukatu zuen 2022. urtea.

Aldarrikapen horiek negoziatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari, orain arte ez baitiote elkarrizketarako asmorik ikusi: «Mahai Orokorraren bilerara otsailaren 17rako deitzeaz gain,ezinbestekoa da gaiak sakonki lantzea», esan du Artiedak. Negoziazioetan hesi batekin topo egiten dutela salatu du.

Osasunbidearen azken asteetako egoerak sindikatuen egonezina areagotu du, eta deialdira bultzatu: «Gai ekonomikoez gainera,osasun publikoaren pribatizazioa bultzatu dute, eta gaia guztiz garrantzitsua da guretzat». Hori kontuan hartuta, ELAko Izai Bujandak «ezinbestekotzat» jo du otsailaren 15eko lanuztea: «Mobilizazio eguna garrantzitsua da, eta ekarriko diren gaiak sindikatuei eta langile publikoei interesatzen zaizkienak dira».

Egun esanguratsuak

Otsailaren 13an idatzi bat erregistratuko dute Nafarroako Funtzio Publikoaren aurrean. Greba egunean, elkarretaratzea eginen dute Nafarroako jauregiaren aurrean, 11:30ean. Egun berean, 17:30ean, manifestazioa abiatuko da Iruñeko Geltokitik.

Gainera, greba baino lehen hiru batzar izanen dira 11:00etan, hiriko hainbat tokitan: otsailaren 8an, Kondestablearen jauregian; hilaren 9an, Hezkuntza Sailean; eta 10ean, Larrabide estadioko erabilera anitzeko aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.