Ehunka gorpu aurkitu dituzte ostera Kanadan, barnetegi izandako batean

751 hilobi topatu dituzte erakunde indigenek, orain arte kolpe bakarrean topatutako gehien

Duela hilabete 215 haurren gorpuzkiak topatu zituzten barnetegiko irudiak. EGIAREN ETA BERRADISKIDETASUNAREN BATZORDEA.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Berriro ere gorpuz beteta aurkitu dute barnetegi gisa erabilitako eraikin baten ingurua, eta berriro ere Kanadan. Erakunde indigenek eman zuten aurkikuntzaren berri, herenegun, eta atzo jakinarazi zuten kopuru zehatza: erregistratu gabeko 751 hilobi aurkitu zituzten Marieval barnetegia izandakoaren inguruan, Saskatchewan eskualdean.

1889. eta 1997. urteen artean erabili zen eraikina barnetegi moduan. Erakunde erlijiosoen eskumenekoa izan zen, baina 1970eko hamarkadan Cowessess Lehen Nazioa komunitate indigenaren eskuetara igaro zen barnetegiaren hilerria. Hil honen hasieran hasi zituzten komunitate horretako kideek hilobiak identifikatzeko lanak, eta indusketa lan horien ondorio da aurkikuntza. Cowessess komunitateko buruzagi Cadmus Delormek eman zituen xehetasunak. «Hau ez da hobi komun bat; izenik gabeko hilobiak dira», zehaztu zuen. Markatu gabeko hilobiak dira topatutakoak. Delormek azaldu zuen 1960ko hamarkadara arte hilerrian izan zituztela hilobi horiek, eta momenturen batean handik atera zituztela. Ez zuen argitu guztiek haurren gorpuak gordetzen ote dituzten, baina, esan zuenez, barnetegian haurrak zein helduak sartu ohi zituztela uste dute.

Perry Bellegarde APN Jatorrizko Nazioen Batzarreko buru nazionalak Twitter bidez salatu zuen gertaera: «Ehunka gorpuen aurkikuntzaren berria guztiz tragikoa da, baina ez gaitu harritzen». Gauza bera adierazi zion barnetegian bizi izandako batek CBC hedabideari. Aurkitutakoa «icebergaren punta» besterik ez dela esan zuen. Haren arabera, bortxaketak eta jipoiak ohikoak ziren barnetegian. Halaber, gogora ekarri zuen han izan zuen «lagun» bati gertatutakoa. Egun batean, lagun hori «arrastaka eta oihuka» eramaten ari zirela konturatu zen, eta azaldu zuen ordutik ez zuela haren berri gehiago izan.

Aurkikuntza indigenek eurek egin behar izana kritikatu zuen Wayne Semaganis Little Pine komunitateko buruzagiak, eta adierazi zuen Kanadako herritarren zati batek ez duela «indigenen mina ulertzen». Dolurako eskubidea aldarrikatu zuen: «Negar egiteko eskubidea ukatzen digute; hori da min gehien egiten diguna».

Sistema baten erakusle

Marievalen moduko barnetegi ugari izan ziren Kanadan joan den mende amaierara arte. Haurrak bortxaz eramaten zituzten komunitate indigenetatik, eta Elizak leku horiek baliatzen zituen basatitzat zituen haurrak diziplinatzeko. Kalkuluen arabera, 1863. eta 1998. urteen artean, 150.000 adingabe indigena baino gehiago etxetik atera, eta ikastetxe horietan sartu zituzten. Leku horietan tratu txarrak eta askotariko gehiegikeriak izaten zirela salatu izan dute komunitate indigenek, eta gertatutakoa argitzera premiatu izan dute gobernua.

Asmo hori zuen 2015ean publikatutako ikerketa batek. «Genozidio kulturaltzat» hartu zuenbarnetegietan haur indigenekin gertatutakoa. Ikerketaren arabera, 3.125 adingabe hil ziren egoitza horietan. Lau urteren buruan, kopuru hori 4.134ra igo zen, baina zenbait adituk diote 6.000 inguru izan daitezkeela.

Herenegun arte azkenak duela hilabete aurkitu zituzten, Kamloops hiriaren inguruan. 215 haurren hilotzak topatu zituzten. Horren ostean, gobernuak iragarri zuen indusketa lanak sustatuko zituela, eta baliteke datozen hilabeteetan halako aurkikuntza gehiago izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.