Ehunka jende elkartu zen atzo arratsean Baionan, kamiseta txuriak soinean, igandean jipoitu zuten autobus gidariari eta haren familiari babesa erakusteko. 58 urteko gizonaren senideek ireki zuten martxa, haren argazkia eta arrosa zuri bana eskuan zutela; haien ondoan, Chronoplus autobus sareko lankideak, hautetsiak, eta herritar andana. Erasoa gertatu zen Balichon auzotik ospitaleraino ibili ziren, txalo zaparrada artean.
Baionako hirigunean ibiltzen diren Trambus autobus bat gidatzen ari zen Philippe Monguillot, pertsona talde batek bortizki eraso egin zionean. Larri eraman zuten Baionako ospitalera, eta garun heriotza du. «Erretiroa hartzeko urte bat falta zitzaion. Ezin ditu bere haurrak eta emaztea utzi. Gogor eutsiko diogu», adierazi zuen atzo haren emazteak..
Astelehenetik geldirik dira Chronoplus sareko autobusak, langileek erretiratzeko eskubidea erabilita. Sindikatuak zuzendaritzarekin negoziatzen ari dira baliabide gehiago lortzeko, eta ez dute jakinarazi noiz arte segituko duten lanuztea. Atzo, haien lankidearen omenezko martxa antolatzen aritu ziren autobusetako gidariak.
«Ekintza barbaro bat izan da, koldarra. Uste dut jende anitz hunkitua izan dela», adierazi zuen horietako batek, bildutako jende kopuruarekin harriturik. «Orain arte hitzezko erasoak izan ditugu, baina ez zen urrunago joaten. Ez genuen nehoiz pentsatu hemen halakorik gertatuko zitzaigunik». Autobus gidariek duten baliabide falta salatu zuen: «Mugikortasun sindikatuak sare zabal bat osatu nahi izan du, baina ez du araberako baliabide humano eta teknikorik ezarri. Badira eremu batzuk irratia ez dena martxan, laguntza behar badugu ezin dugu nehor deitu. Bakarrik utziak gara». Segurtasun handiagoa behar dutela aldarrikatu zuen. «Badakigu ez dugula segurtasun agente bat izanen autobus bakoitzean, polizia kamioi bat gure atzetik doana; badakigu. Baina gutxienez zerbait egin dezatela segurtasuna bermatua izan dadin».
Ekaitz Bergaretxe autobus gidariak ere uste du «jende gehiago» behar dutela, bai gidari gisa eta baita kontrolatzaile gisa ere. «Segurtasun enpresa batzuk ere egoten dira, baina, arratsetan, bi agente baizik ez dira egoten ez dakit zenbat linearentzat. Denetan ezin dira egon aldi berean». Uda partean «kanpoko jendearekin» gauero «iskanbilak» egoten direla kontatu zuen.
Trambus autobusen berezitasuna ere aipatu zuen Bergaretxek: «atzealdea 18 metrora dago, ez dugu ikusten». Erabiltzaileak atzealdetik sartzen dira, orain, gainera. «Orain arte, jendearekin harremana bagenuen, eta filtratze lan hori egiten genuen aurretik. Trambusarekin ez dugu gehiago egiten ahal. Jendearekin harremana galtzen dugu, eta konfiantza ere hein batean. Eta, ondorioz, hori beste autobusetara ere pasatzen da».
Hala ere, argitu zuen bera ez dela gehiegizko segurtasunaren aldekoa. «Batzuek zalantza dute ea gidaria erabat babestu behar den berina baten gibelean. Gutariko batzuk ez gaude horren alde», esan zuen. «Nahiago dugu gidaria irekirik utzi, jendearekin harreman hori landu egunerokoan; orain arte horrek funtzionatu du. Horrelako segurtasun neurriekin uste dugu eragina kontrakoa izan daitekeela finean».
Lau susmagarri, preso
Marc Marie Baionako prokuradoreak prentsaurrekoa egin zuen asteartean. Kontatu zuenaren arabera, pertsona talde bati maskara jar zezatela eskatzeko jaitsi zen autobus gidaria. Iskanbila sortu zen, eta bi pertsonak jipoia eman zioten. Konorterik gabe utzi zuten, eta ihesi joan ziren. Biharamunean atxilotu zituzten, erasoa gertatu zen auzo bereko etxebizitza batean. Bosgarren pertsona bat ere atxilotu zuten, adingabea, baina kargurik gabe libre utzi dute.
22 urte ditu susmagarrietako batek, 23 urte besteak; «nahita eginiko giza hilketa» leporatuta preso sartu zituzten herenegun. Haiekin zeuden beste bi pertsonak ere presondegian dira. Horietako bati «kriminal bat atxiloketatik babestea» eta «arriskuan den pertsona bat ez babestea» leporatzen diote; besteari «arriskuan den pertsona bat ez babestea».
Ehunka jende bildu da Baionan autobus gidariaren omenez
58 urteko gizonak garun heriotza du. Baliabide gehiago eskatu dute haren lankideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu