Iberdrolak inoiz baino diru gehiago irabazi zuen iaz: 4.339 milioi euro

Energia konpainien gaineko zerga berriaren aurkako helegitea jarri du Auzitegi Nazionalean

Iberdrolak kalkulatu du 200 milioi euroko zerga berezia ordaindu beharko duela aurten eta 2024an. LUIS TEJIDO / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Energia enpresa handiak eta bankuak Espainiako Gobernuak bultzatutako zerga bereziak justifikatu nahian dabiltzala dirudi. Inflazio handiaren erruz herritar askoren erosahalmenak galera jasan zuen urtean, irabazi historikoak plazaratu dituzte finantza erakundeek eta energia konpainiek. Horietako azkena Iberdrola izan da, eta ez du joera hautsi: bosgarren urtez hautsi egin du bere mozkinen marka. 4.339 milioi euro irabazi ditu, aurreko urtean baino %12 gehiago.

Emaitzak esperotakoaren gainetik daude, duela urtebete esan baitzuen 4.000 eta 4.200 milioi euro artean irabaztea zela helburua. 2023an ere bide onetik jarraituko duela uste du, mozkina %8-10 handitzea espero baitu.

CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari igorritako agirian, Iberdrolak ziurtatu du bere adar guztiek hobetu dituztela aurreko urteetako emaitzak, Brasilen eta AEBetan bereziki. Baina bada salbuespen bat: Hego Euskal Herrian eta Espainian aritzen den adarraren mozkina %19 txikitu da, Iberdrolaren esanetan, «arau eta zerga neurrien ondorioz, eta enpresak ez duelako bezeroen bizkar jarri kostuen handitzea».

Arauei dagokienez, ekainaz geroztik indarrean dago Iberiar penintsulako merkatu bateratuan argindarra sortzeko erabiltzen den gasari gehienezko prezio bat ematea. Horren ondorioz, iturri berriztagarriei eta nuklearrari ez diote argindarra ordaindu gasako zentralen prezioan. Argindar enpresei kalte egin die neurri horrek, eta mesede, berriz, bezeroei.

Zergei dagokienez, energia konpainiek tasa berezi bat ordaindu behar dute, beren aparteko irabazien zati bat gastu publikorako izan dadin. Zehazki, Espainian eta Hego Euskal Herrian fakturatutakoaren %1,2 ordaindu beharko dute, baina merkatu arautuan egindako salmentak salbuetsita daude. Espainiako Ogasunak bilduko du dirua, teknikoki ez baitira zergak, ondare eskualdatzeak baizik, baina haien zati bat foru ogasunei pasatuko die ondoren: %6,24 Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoei, eta %1,6 Nafarroakoari.

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak asteartean jakinarazi zuenez, 817 milioi euroko lehen ordainketa bat egin dute azken asteetan energia konpainiek, eta gainontzekoa irailean egingo dute. 2022ko kontuen arabera izan da ordainketa, baina 2023ko zenbakietan islatuko da.

Iberdrolak kalkulatu du 200 milioi euro ordaindu beharko dituela zerga horregatik, baina diru hori berreskuratzen saiatuko da. Izan ere, Gerardo Codes Iberdrolako zerbitzu juridikoetako zuzendariak iragarri du zerga horren aurkako helegitea jarri duela Espainiako Auzitegi Nazionalean, «arbitrarioa eta baztertzailea» delako eta uste dutelako Europako arauen aurka doala. Epaileen erabakia datorren urtean espero du. Iberdrolak ez ezik, hura partaide den Aelec argindar ekoizle handien elkarteak ere jo du auzitegira.

Inbertsioak ere, gora

Bilbon egoitza duen konpainiak ziurtatu du %13 handitu dituela bere inbertsioak, 10.730 milioi euroraino. Horietatik, %38 izan dira Europako Batasunean, %25 AEBetan, %20 Latinoamerikan eta %13 Erresuma Batuan. Inbertsioaren %90 energia berriztagarrietan eta sare adimentsuetan egin du.

Berriztagarrietan dagoeneko 40.000 megawatt-orduko potentzia instalatua du Iberdrolak, eta hurrengo lau urteetan beste 7.675 MW gehitzeko moduan egongo direla iragarri du konpainiak; horien erdiak itsasoko parke eolikoetan egongo dira.

Hala ere, 2022ko protagonistakargindar iturri kutsagarrienak izan dira. Iberdrolaren ziklo konbinatuko zentralek %61 gehiago ekoitzi zuten eta %56 gehiago ikatza erretzen duten zentral termikoek. Horrela konpentsatu zuten uda lehorrak eta beroak zentral hidraulikoen ekarpena %40 gutxitu izana. Parke fotovoltaikoen hedapenak %30 handitu zuen iturri horren ekoizpena, eta antzera aritu ziren nuklearra (+%4) eta eolikoa (+%1).

Iberdrolaren akziodunek etekina aterako diete enpresaren emaitza onei. Urtarrilean, akzio bakoitzeko 0,18 euro ordaindu zieten, eta orain beste 0,31 ordaintzea proposatu du konpainiako administrazio kontseiluak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.