Industriaren eta kontsumoaren eraginez, %3,2 moteldu da Nafarroako BPGa

Uztailetik irailera %0,5 handitu da jarduera ekonomikoa. Sektoreka, zerbitzuek izan dute hazkunderik handiena, eta industriak apalena

joxerra senar
Iruñea
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Galgari sakon sakatu dio aurten ekonomiak Nafarroan. Urteko lehen hiru hilabeteetan, %6,5eko erritmoan hazten ari zen urte arteko tasa, eta, uztailetik irailera, abiadura hori nabarmen apaldu da: zehazki, %3,2ra. Alderatzea hiruhilekoaren arabera eginez gero, joera bera islatzen dute datuek. Izan ere, urtarriletik martxora %1 handitu zen iragan urtearen amaierako hiruhilekoarekin alderatuta, eta uztailetik irailera %0,5 handitu da. Abiadura erdira jaitsi da, beraz.

Epe berean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu bezala, industriak eta kontsumoak hoztu dute batik bat ekonomia. Izan ere, eskaintzaren arloan, industriak hazten jarraitzen du, baina, beste sektoreekin alderatuta, askoz ere erritmo apalagoan: %2 handitu da jarduera urtebetean, uztailetik irailerako tartean. Ikuspegi makroekonomikotik, berriz, askoz ere sendotasun handiagoa erakutsi dute eraikuntzak eta zerbitzuek. Eraikuntza %3,9 handitu da, eta merkatu zerbitzuek islatu dute aldiriko hazkunderik handiena (%6,5ekoa).

Aipagarria da udan lana handitzen zaienez ostalaritzak dinamismo handia erakutsi duela uztailetik irailera bitartean, administrazio jarduerekin eta zerbitzu osagarriekin batera. Gainera, urriko azken datuek adierazten dutenez, alorreko enpresei ondo joan zaie azken hamabi hilabeteetan, negozio zifra %19,5 handitu baitzaie. Zehazki, batez beste merkataritzaren fakturazioa %22 handitu da, eta ostalaritzan, %16,5.

Lehen sektorearentzat, berriz, uda oso gogorra izan zen lehortearen ondorioz, baina, urtebeteko perspektiba harturik, uztailetik irailerako datuak onak dira: %2,2ko urte arteko hazkunde tasa izan zuen, aurreko hiruhilekoan baino sei hamarren handiagoa.

Inflazioaren eragina

Aurten, kontsumo prezioek nabarmen egin dute gora, eta KPIak udan jo zuen goia. Inflazioaren eraginak, apurka, herritarren poltsikoan eragin du, eta, ondorioz, haien portaeran, Nastat estatistika erakundearen arabera. Izan ere, eskariaren arloan, Nastatek nabarmendu du etxeetako eta etxeen zerbitzura dauden irabazi asmorik gabeko erakundeetako kontsumoa apaldu egin dela: hirugarren hiruhilekoan %3,7ko erritmoan hazi zen, aurreko hiruhilekoan baino bost hamarren apalago.

Alderantziz, inbertsioa %4,2 handitu zen urtebetean uztailetik irailerako tartean. Oraindik ere ekonomiatik sendo tira egiten badu ere, atal horrek ere nabaritu du hoztea, aurreko hiruhilekoan baino ia puntu bat gutxiago handitu baita (zehazki, bederatzi hamarren).

Kanpo merkataritza indartsu dago oraindik ere, nahiz eta atzerriko eskaria hoztuz joan den urteak aurrera egin ahala. Hala, Nafarroako esportazioak %4,3 handitu dira hirugarren hiruhilekoan. Hilabeteek aurrera egin ahala uzkurtuz joan da joera hori. Nastaten informazioaren arabera, urrian esportazioek %14,4 egin zuten gora, iazko datuekin alderatuta, eta inportazioek, %18,3. Aurten inportazioak erritmo azkarragoan handitu badira ere, oro har merkataritza saldoa positiboada oraindik ere; hots, esportazio eta inportazioen arteko aldea 305 milioi eurokoa da. Azpimarragarria da Portugalekin eta Italiarekin merkataritza salerosketak %29 eta %26 handitu direla, hurrenez hurren; aitzitik, Amerikako Estatu Batuekin salmentak %42 erori dira.

Enpresaburuen irabazia

Errentei dagokienez, oro har enpresaburuek eta autonomoek ez dute kexatzeko arrazoirik. Haien diru sarrerak eta irabaziak langileenak halako bi baitira. Izan ere, urtebetean lan errentak %5 handitu ziren, inflazioaren azpitik. Aitzitik, enpresaburuen eta autonomoen etekinak %11,5 igo dira urtebetean, hirugarren hiruhilekoko datuen arabera.

Azkenik, ekonomia hoztu izana lan merkatuan ere islatu da. Izan ere, landunen kopurua %2,4 handitu zen hirugarren hiruhilekoan. Jarduera ekonomikoarekin gertatu bezala, sektorearen bilakaera bera islatu dute alor bakoitzaren enplegu datuek. Hala, merkatu zerbitzuek sortu dute enplegu gehien (%4,3 igo da); aitzitik, industrian %1 baino ez da igo. Lehen sektorean, berriz, %0,7 igo da; eraikuntzan, %1,4, eta zerbitzuetan, oro har, %3,2.

Ikusteko dago orain urteko azken hiruhilekoan norantz egiten duen ekonomiak. Nafarroako Gobernuak aurreikusi du aurtengo barne produktu gordina %4 handituko dela, eta 2023an moteltzen jarraituko duela jarduerak: datorren urtean %1,4ko hazkundea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.