Ikus-entzunezkoen Legeari zuzenketa sorta bat gehituko dio EAJk

Jeltzaleek eta Espainiako Gobernuak 45 zuzenketa txertatuko dituzte proiektuan. EITB eta euskara jarri dituzte akordioaren erdigunean

Aitor Esteban, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
EAJk eta Espainiako Gobernuak akordio bat erdietsi dute Ikus-entzunezkoen Lege proiektuari zenbait zuzenketa txertatzeko. Jeltzaleek jakinarazi dute alderdiaren hiru helburu nagusiak lortu dituztela: «autogobernua babestea», «EITBren autonomiari eustea» eta «ikus-entzunezkoen marko berrian euskararen presentzia areagotzea». Zehazki, 45 zuzenketa adostu dituzte.

EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek adierazi duenez, akordioak haien nahiak «ase» ditu, legea «ideala» ez den arren. Izan ere, EAJk gobernuaren proposamenari osoko zuzenketa aurkeztu zion lehenik, baina hura atzera bota zuten, Moncloak «hizketan hasiko zela» adierazi ostean. Hala, hasierako lege proiektu «zentralista» moldatzea lortu dutela azpimarratu du Estebanek, etaEITBren gobernantzari eusteko urratsak nabarmendu ditu.

Joseba Agirretxea diputatuak eman ditu akordioaren xehetasunak. Jakinarazi du EAJk aurkeztutako 58 zuzenketa partzialetatik 45 txertatuko dituztela, eta beste hamarren inguruan elkarrizketan ari direla. Izan ere, ostegunera arteko epea dute horretarako, orduan itxiko baitute lege proiektua zehazteko epea Gai Ekonomikoetarako eta Eraldaketa Digitalerako Batzordean.

EITBren agintaritzari dagokionez, Agirretxeak azaldu du hartan «eskua sartzea» eragotzi dutela. Izan ere, adierazi du Gernikako Estatutuak jasotzen duela «telebista propio bat izateko gaitasuna», eta ez dagoela estatuko lege baten beharrik horretarako. Beraz, azaldu du legean aipamen bat izango dela Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen esparruan dituen eskumenen inguruan.

EITBren emisio digitalen kontrolari eustea ere adostu dute. Agirretxeak kritikatu du kontrakoak etorkizuneko emisio oro estatalizatzea eragingo lukeela, litekeena delakoan urte gutxian emisio denak modu horretan egitea. Bestetik, azaldu du EITBren Nafarroako emisioek «aurrerantzean ere agintaritza autonomikoa» izango dutela, bi erkidegoren arteko emisio harremanak marko autonomiko baten pean mantenduko direlako. «Ikus-entzunezkoen Lege proiektutik EITBren gobernantzaren gaineko esku sartze oro ezabatzea lortu dugu», ondorioztatu du diputatuak.

Gutxienez, %10

Euskararen presentziari dagokionez, Agirretxeak azaldu du ez dela jeltzaleek nahiko luketen presentzia bermatuko, baina jatorrizko proiektuak ezarritako bermeak handituko direla. Legearen arabera, estatuko hornitzaile publikoek saioen %15 estatuko hizkuntza koofizialetan eman beharko dituzte, eta, Agirretxeak azaldu duenez, bi aldeek adostu dute ehuneko hori erkidegoetako biztanle kopuruaren arabera ezartzea, euskara ez dadin kanpoan geratu. Gutxieneko kuota %10ekoa izango da hizkuntza bakoitzarentzat. Era berean, estatuko hornitzaileek haurrentzat dituzten edukiak euskaraz, katalanez eta galegoz bikoiztuta eskaini beharko dituzte. Azken urrats horren garrantzia defendatu du Agirretxeak, esanez orain arteko proiektuak ez ziela erreferentziarik egiten hizkuntza koofizialetarako bikoizketari eta azpitituluei.

Legediak, baina, ez die eragingo egoitza Espainiako Estatutik kanpo duten enpresei; besteak beste, Netflixi eta Disneyri. EAJk gobernuarekin adostu du azken horrek, erkidegoetako gobernuek eta hornitzaileek erantzukizun konpromiso bat zehaztu beharko dutela, legediak horretara behartzen ez badu ere, hizkuntza koofizialen presentzia bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.