Ikastetxe eta euskaltegietarako prestatu dituzten 22. Korrikaren unitate didaktikoak aurkeztu dituzte AEK-k eta Ikastolen Elkarteak Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioan. Bilduma osoa www.korrika.eus webgunean eman dute eskuragarri, eta osorik online lantzeko aukera dago. Ikastolen Elkarteak sortu ditu unitateak, baina, hezkuntza zentro guzietan lantzeko modukoak direla erran dute. AEK eta ikastolen arteko «elkarlana» azpimarratu du Asier Amondo Korrika-ko arduradunak.
Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Peio Jorajuria Seaskakoak ere parte hartu dute agerraldian, eta Korrikak ikastolentzat duen garrantzia azpimarratu dute. «Ikastolak Korrika zaleak gara; auzolanean oinarritutako ekinbide horrek bat egiten du gure balioekin», adierazi du Tellituk, euskarari «beste kolore bat» ematen diola gaineratuta. Jorajuriaren hitzetan, «euskararen uharte bat» da Seaska Ipar Euskal Herriko ikastoletako ikasle anitzentzat; hizkuntzarekin duten harreman bakarra. «Korrikak erakusten die ez direla bakarrak; euskara festa bat da, euskara borroka bat da». Unitate didaktikoek horretan laguntzen dute, haren ustez.
Ipuinak, jokoak, kantua...
Askotariko materiala aurki daiteke Korrikari buruzko unitate didaktikoetan. «Aurtengo berritasunen artean ipuin baten bideoa dago: Pilota gorri batekin; Gaizka Chamizo aktorearekin egindako elkarlana. Horrez gain, unitateetan aurtengo Korrikaren kanta eta dokumentala jorratzen dira, eta omenduen berri ematen dute, eduki bakoitza maila ezberdinetara egokitua», aipatu du Iñaki Zapirain unitateen egileak. Korrikahoot, Kahoot plataformarekin sortutako jokoa ere prestatu dute.
Amaia Lopez de Luzuriagak, berriz, euskaltegietarako atazak aurkeztu ditu. Adierazi du aurten Korrikaren hainbat mugarriren inguruan sortu dituztela atazak; eta, horrez gain, «aberasgarritzat» jo du jolas interaktiboen erabilera, «hainbat trebetasun lantzeko» balio baitu. Gainera, aipamen berezia egin die gurasoentzat sortutako atazei, euskaraz ikasten ari diren guraso eta umeen arteko transmisioan eragitea helburu dutela nabarmenduta.
AEK-k eta ikastolek elkarlanean egin dute Korrikako unitate didaktikoa
Ikastetxeetarako eta euskaltegietarako balio du bi eragileen artean sortu duten materialak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu