Espainiaren txostena, oztopo handia Arabako Mahastiak markarentzat

Europako legea urratu dezakeela ebatzi du, eta ezin dela ezberdindu Arabako Errioxako ardoetatik

Mahats biltzaileak uzta jasotzen, Bastidako (Araba) mahasti batzuetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ez da harria, txingorra edo euri zaparrada izan, baina Arabako Mahastiak sor-marka bultzatu duten upategiek bizkarrekoa hartu dute. Espainiako Nekazaritza Ministerioa da haien eskaera Europako Batzordera igortzeko arduraduna, eta hark eginiko txostenak oztopo handiak jarri dizkio egitasmoari. Besteak beste, sor-marken Europako Legearen (1308/2013) lau artikulu urratu ditzakeela ebatzi du, eta, txostenaren egileen iritziz, ez dago alderik Arabako Mahastiak eta Arabako Errioxa sor-markak dituzten ardoen artean. Are gehiago, azken horren «prestigioa» usurpatzea egozten die bultzatzaileei.

Ministerioak bukatu du txostena, eta Noticias de Álava eta El Correo egunkariek atzo eman zuten haren berri. Korapiloa ulertzeko, baina, sor-markaren bultzatzaileek emaniko azken pausoa azaldu behar da. Izan ere, martxoan Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman zien Arabako Mahastiak jatorri izena sustatu duten 120 upategiei. Gehienak upategi txikiak dira, handien ekoizpenaren aldean beren produktua bereizteko aukera faltarekin gogaituak zeudenak. Guztiak, baina, ez daude alde: Errioxako eta Arabako Errioxako upategi handiek publikoki onartu dute jatorri izen berriaren aurka daudela.

Onartuko balute, Arabako Mahastiak Euskal Herriko zazpigarren ardo sor-marka litzateke. Horretarako, baina, galbahe gehiago pasatu behar ditu, eta Bruselak du azken hitza. Hark egiaztatu beharko du Arabako Mahastiak-ek betetzen ote dituen marka berezitu bat izateko baldintzak. Egiaztapena egin aurretik, Espainiako Nekazaritza Ministerioa entzun behar du, eta helegitea jartzeko eskubidea duten guztiak, eta, atzoko txostena ikusita, ardogileek hobe dute botiletako itsasgarriak inprimatzen ez hasi.

Erabakia ez da ezustekoa izan, mugimenduaren atzean hari politikoak ere badaudelako. Legebiltzarrean, esaterako, PSE eta PP sor-marka berriaren aurka agertu dira, eta Espainiako Nekazaritza Ministerioa PSOEren menpe dago. EAJn, berriz, aurkako eta aldeko jarrerak dituzte. Erabat alde dauden alderdiak Elkarrekin Podemos eta EH Bildu dira.

«Ekosistema bera»

Ministerioaren txostena eranskin bat da, eta Jaurlaritzaren oniritziarekin batera joango da Bruselara. Eranskina bai, baina oso irmoa da bere ondorioetan. Txostengileen arabera, Arabako Mahastiak eta Arabako Errioxa ardo «bera» dira, «eremu geografiko berekoak, mahats bera darabilte, eta bilketa eta zukutze teknika berdinak erabiltzen dituzte».

Bultzatzaileen asmoa, besteak beste, Arabako eta Errioxako ardoak ezberdintzea da, zaku beretik ateratzea. Ministerioaren arabera, baina, Euskal Herriaren eta Errioxaren arteko muga ez da administratiboa baino, eta Ebro ibaiaren bi aldeak «ekosistema bera» dira: «Ezberdintasun bakarra da bi erkidego autonomo direla. Inguruari dagokionez, bata bestearen jarraipena da».

Europaren erabakiaren zain, Arabako Mahastiak-ek lehen pausoak emateko aukera izango du, horretarako aski baitu Jaurlaritzaren babesa. Hala ere, ikusi beharko da zer-nolako bidea egiten duen, Fernando Ezquerro Errioxako ardoen sor-markako presidenteak esana baitu lege zirrikitu guztiak aztertuko dituela merkaturatze hori oztopatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.