LHK Lan Harremanetarako Kontseiluaren urteko txostenean azaltzen dira datuok. Horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 311.814 langilek (%51,6k) indarrean dute lan hitzarmen kolektibo bat: azken bost urteetako ehunekorik handiena. Kontaketa horretan ez dituzte gehitu urte amaieran itunpeko irakaskuntzan eta Bizkaiko metalgintzan sinatutakoak. Horiek batuz gero portzentajea %61,1 izango litzatekeela azpimarratu du LHK-k.
Txosten horren arabera, nabarmen igo da hitzarmena berritu dutenen kopurua: 2019aren hasieran %35,5 behargin ari ziren itunarekin lanean; urtebetean, beraz, hamar langitetik hiruk berritu dute hitzarmena: 103.536k —hiru sektore horietakoak kontuan hartu gabe—. Guztira, 289 itun berritu dituzte: 246 enpresakoak, eta 43 sektorekoak. %27,3 EAEn eragina duten Espainia mailako itunak dira.
Mobilizazioen eragina
Aldaketa horretan eragin zuzena izan dute urtean zehar izandako lan gatazkek. Mobilizazio ugari izan dira, eta azpimarratzekoak bi: Bizkaiko metalgintzakoenak eta itunpeko irakaskuntzakoenak. LHKren arabera, gatazka horiek eragin zituzten grebengatik lan egin gabe erregistratutako egunen %80 baino gehiago. Guztira, 264 greba egin ziren, eta 78.502 langilek parte hartu zuten: 38.188 egun egon ziren lanera joan gabe.
Era berean, 2019an 464 gatazka kolektibo aurkeztu zituzten Preco lan gatazkak konpontzeko organora, 117.988 langileri eragiten zietenak. 2018. urtearekin alderatuta, prozedura kopurua %2,5 murriztu zen, baina horiek eragindako langile kopurua %3,3 hazi zen.
Negoziazio kolektiboaren eraginpeko gainerako lan itunei dagokienez, 202.216 beharginek (%33,4k) hitzarmena luzatua dutela hasiko dute urtea. Epetik kanpo ari dira 484 enpresatan eta 78 sektoretan. Hala ere, kategoria horretan nabaritu da gehiago hitzarmenen berritzea: 75.492 langilek berritu dute ituna (%12,6k).
Hitzarmena iraungia dute, berriz, 90.918k langilek (%15): zortzi enpresatan eta 22 sektoretan. Akordioek neurri apalagoan eragin dute kasu honetan: urtebetean 21.156 langilek berritu dute (%3,5 gehiago).
Kontratu gutxi
Beste hainbat alorri erreparatu die LHK-k. Adibidez, soldaten igoerari. 2019an indarrean zeuden hitzarmenen batez besteko soldata igoera %2 izan zela dio, eta, urte horretan berritu ziren itunen kasuan, %2,25. LHK-k azpimarratu duenez, KPIaren gainetik igo ziren: urte arteko igoera %1,2 izan zen EAEn; eta batez besteko inflazioa, urte osorako, %1.
Lan kontratuen alorrean, berriz, azterketak datu kezkagarria utzi du: aurreko urtearen aldean, apenas igo diren %0,7. Kontratu mugagabeak %5,3 jaitsi dira; aldi baterako kontratuak, aldiz, %1,3 igo. Hala ere, langabezia tasa aurreko urtean garai berean erregistratu baino puntu bat beherago dago; 2019ko azken hiruhilekoan %9,3a zen. Lana erregulatzeko espedienteak, berriz, gutxitu egin dira: iaz, 2.449 langile kaleratu zituzten hala, aurreko urtean baino %23,2 gutxiago.
Lan istripuei buruzko datuak ere jaso ditu LHK-k: azarora arte, 30.243 izan ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %8,8 gehiago, dioenez. Istripu larriak izan zituzten 149 langilek (%8 gutxiago), eta 24 behargin hil ziren, aurreko urtean baino %25 gutxiago.
