Urriaren erdialdean eman zituen Osakidetzak bronkiolitisaren aurkako prebentzio jarraibideak, ohartarazita COVID-19aren ondorioz bi urtean «baztertuta» egon eta gero eritasun hori eragiten duen birusa harrotuta «itzuli» zela berriz. Orduan iragarri zuten azaro eta abenduan izaten duela «intzidentzia maximoa», eta egunotan ugaritzen ari dira gaitzaren zabalkundeaz ohartarazteko albisteak. Gurutzetako Ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) Pediatriako Larrialdietako zerbitzuburua da Javier Benito, eta aitortu du «epidemia betean» daudela. Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak ere asteon adierazi du kasuen «goraldia» agerikoa dela. Benitok nabarmendu du aurten bronkiolitis kasuen ugaritzea heldu dela «arnas aparatuko» beste infekzio batzuen goraldiarekin batera, alegia gripearen eta COVID-19aren kasuekin batera, eta horrek areagotu egin duela erietxe barruko «presioa».
Azpimarratu du, hala ere, dena prest dutela datozen asteetan egon daitekeen goraldiari erantzuteko. Horra jakingarriak gaixotasunaren inguruan, Benitok berak emandako argibideekin:
ZER DA?
2 urtetik beherako umetxoetan diagnostikatzen duten gaitz bat da. Birus jakin batek eragiten du normalean: «Arnas birus sintzitialak eragiten ditu kasuen %90». Birus horrek erasan diezaieke ume handiagoei, baita helduei ere, baina kasu horietan sortzen den eritasunari ez diote izen hori jartzen sendagileek. 2-4 urte bitarteko umeetan, adibidez, infekzioak eragindako sintomak ume txikienen oso antzekoak izaten dira usu, baina adin mugak zedarritzen du gaitzaren izena: «Horri ja ez diogu bronkiolitis esaten». 2-4 urteko umeen kasu ugari agertzen ari dira orain; pandemiako urteetan birusaren aurrean babestuta egon ziren ume asko, eta orain ari dira eritzen.
ZER SINTOMA DITU?
Arnas aparatuko beste birus askoren antzeko sintomak ditu eritasunak: «Eztula, mukiak, sukarra...». Benitok esan du oro har umeak handitu ahala gaitzaren eboluzioa hobea izaten dela. Ume txikietan askotan kezka motibo nagusi bat agertzen da gaitzarekin: «Arnasa hartu ezina. Baina hori normalean txikienekin gertatzen da; hiru hilabetetik beherakoekin, edota bestelako gaitzen bat dutelako eboluzio txarrago bat izateko arriskua dutenekin».
ZER LARRITASUN DU?
Gaitzak bereizgarri du umetxoen «beheko arnasbideetan» duen eragina. «Bronkiorik txikienetan eragiten die: bronkioloetan». Horiek horrela, umetxo bat arnas aparatuko beste edozein infekzioren antzeko sintomekin has daiteke, aparteko larritasuna erakusten duten ezaugarririk gabe, baina 24-48 ordura arazo larriak ager daitezke: «Asma krisi baten antzekoa izaten da usu: umeek ezin dute arnasarik hartu». Behar bezalako «oxigenatzea» eragozten die askotan egoera horrek, eta kasu horietan erietxera eraman behar izaten dira sarri. «Pediatrian, urtebetetik beherako haurren artean, ospitaleratze motibo nagusia izaten dira bronkiolitisak», zehaztu du Benitok. «Horregatik sortzen dute halako tentsioa erietxeetan». Ume oso txikiei erasaten die gaitzak, eta familia askotan sortzen den «ezinegona» ondo ulertzen du. Eta aholku bat ematen du, oro har, ume horien zaintzaileei begira: «Hiru hilabete baino gutxiagoko ume batek jateari uzten dionean, eta arnasa hartzeko zailtasunak baditu, galdera egin behar da». Esan duenez, familiek, oro har, ardura handiz jokatzen dute: «Familia batek, bronkiolitis baten prozesuan, egin ditzake 3-4 kontsulta, dela lehen arretan, dela larrialdietan, eta normala da, logikoa da, guztiz justifikatutako kontsultak dira, sintomek larritasun handia eragiten baitute».
NOLA TRATATZEN DA?
«Ez dago medikamenturik. Ahalegin asko egin dira, asmaren kontrako botikak-eta erabili dira, baina ikusi da ez dutela deusetarako balio», onartu du Benitok. «Esperantza faltsuak eta albo ondorioak besterik ez dituzte ekarri». Horiek horrela, «sintomak arintzera» bideratzen dituzte mediku eta erizainek egun beren ahalegin eta aholkuak. Sudurra garbitzeko ikasbideak ematen dizkiete gurasoei, umeak ondo elikatuta edukitzeko irizpideak, lotarako aholkuak. «Ezin da gehiago egin». Umeen %15-20 inguruk behar izaten dute ospitaleratzea: «Normalean hiru hilabetetik beherako haurtxoak dira, edota aurrez gaitzen bat dutenak». Eboluzio ona dute, oro har.
Bronkiolitis «epidemia» betean
Biriketako gaitz bat da, eta 2 urtetik beherako umeei erasaten die. Pandemia ostean harrotu egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu