2020an galdu zuen erdia eskas berreskuratu du EAEko BPGak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %5,5 hazi zen 2021ean. Jarduera ekonomikoa bizkortu egin da urteko azken hiruhilekoan

Iker Aranburu.
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
COVID-19aren seigarren olatuak ez du bidetik atera jarduera ekonomikoaren hazkundea. Are gehiago, urteko azken hiruhilekoa hobea izan da hirugarrena baino, jarduera bizkortu egin baita. Hiruhileko arteko tasan, udako hilabeteetan %1 hazi zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina, eta %1,2, berriz, udazkenekoetan. Ondorioz, Eustaten lehen estimazioaren arabera, 2020. urte osoan %5,5 hazi da hiru lurraldeetako BPGa.

2020ko datuaren ispilua izan da 2021ekoa, orduko eroriko historikoaren errebotea izan baita oraingo hazkundea. Baina ez da, inondik ere, ispilu perfektua izan, orduan galdutakoaren (%9.9) erdia eskas berreskuratu baitu ekonomiak. Iragarpenek diote litekeena dela aurtengo lehen erdiaren amaieran iristea ekonomia pandemiaren aurreko mailara.

Aurreikuspenak ez dira bete

Urtearen joanean hazkunde iragarpena apalduz joan da Eusko Jaurlaritza, ikusita iaz egindako iragarpen oso baikorrak (+%8,7) ez zirela beteko. Lehenik, urte hasierako bi olatuek jarduerari kalte egin ziotelako —joan-etorriak mugatzeko neurriek turismoa geratu zuten, eta ostalaritzak baldintza gogorrak izan zituen—, eta, gero, txertoak orokortu ahala, industria ez zelako gai izan eskaria handitu izanak hornidura katean sortutako inbutuak gainditzeko eta energia neurrigabe garestitu zelako. Horrela, martxoan hazkunde iragarpena %6,7ra murriztu zuen Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, eta %5,6ra, berriz, abenduan.

Eustatek dioenez, bi izan dira 2020tik gehien berreskuratu diren sektoreak: industria eta merkataritza, eta ostalaritza eta garraioa izan dira. Hain zuzen ere, koronabirusaren agerraldia gehien sufritu zuten sektoreak dira, eta, beraz, erreboterako aukera gehien zutenak. Estatistika erakundeak aurreratu du kanpo eskariaren ekarpena positiboa izan dela 2021. urtean, oro har, eta barne eskarian kapital finkoaren eraketa gordina nabarmendu dela, hau da, inbertsioa.

Enpleguari dagokionez, denbora osoko baliokidetzako lanpostu gisa neurtuta, %5,2 egin du gora, aurreko urtearekin alderatuta.

Eustatek martxoaren 4an emango ditu datu osoagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.