Egun berean eraikuntzako bi langile hil dira, Urnietan eta Amurrion

Bata kiroldegia berritzeko lanetan ari zen, eta bestea, berriz, etxe berri baten eraikuntzan

Urnietako kiroldegiko berritze lanak, atzo; hor hil zen bi beharginetako bat. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Lan astea beste ostiral beltz batekin amaitu da Euskal Herrian. Bi langile hil ziren atzo; bata Urnietan (Gipuzkoa), eta bestea, Amurrion (Araba). Biek eraikuntzako sektorean lan egiten zuten. Urnietakoak 59 urte zituen, eta hango kiroldegiko berritze lanetan ziharduen; kamioi baten beso baten kolpearen ondorioz galdu zuen bizia. Amurriokoak, berriz, 54 urte zituen, eta etxebizitzako obra batzuetan ari zen lanean; aldamiotik erorita hil zen. Sindikatuen zenbaketaren arabera, urtea hasi zenetik Euskal Herrian 51 pertsona hil dira lanean ari zirela. Aurreko astean, beste behargin batek galdu zuen bizia, Arabako upategi batean.

Urnietan zendutakoa hango kiroldegia berritzeko lanetan ari zen. ELAk azaldu duenez, Miguel Imaz enpresa ari da behar horretan, udalak adjudikatuta, eta hildako langilea enpresa horrek azpikontratatutako beste batentzat ari zen lanean, Pavimentos Tecnologicos Zarrarentzat.

Atzo goizaldean gertatu zen ezbeharra. Antza denez, hormigoia botatzeko lanetan ari ziren; kamioiaren besoetako batek oreka galdu ostean, haren luma baten kolpearen ondorioz hil zen behargina. Ikerketa abiatu du Osalanek, EAEko laneko segurtasun eta osasunerako erakundeak. Obra eraikin publiko batean egiten ari direnez, Urnietako Udalak erabaki du laneko agintarien eta inplikatutako agenteen esku jartzea, gertatutakoa argitzen laguntzeko.

Amurrioko istripua, berriz, 10:30ean izan zen, Goiena kalean eraikitzen ari diren etxe batean. Langilea aldamiotik erori zen. Larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren arren, ezin izan zuten suspertu langilea. Osalanek ikerketa abiatu du ezbehar horren inguruan ere.

Instituzioen «utzikeria»

ELAk berritze lanetako langileen «prekaritatea» salatu du, eta lege urratzeak ohikoak direla azpimarratu. «Lan baldintza ezin gogorragoei izaten duten presioa gehitzen badiegu, ezbeharrak gertatzeko koktel perfektua sortzen da».

Urnietakoaz, nabarmendu du eraikin publiko batean ari zela behargina, eta instituzioek halakoetan «utzikeriaz» jokatzen dutela. «Administrazioak adjudikatutako lanetan gertatzen den amaigabeko azpikontratazio sareak prekaritate horren adibide garbia dira, are gehiago eraikuntza sektorean».

LABek ere kritikatu du azpikontrataziorako joera, eta horrek prekarizazioa areagotzen duela salatu. Azpimarratu du, halaber, «lan heriotzen odolustea» egiturazko arazo bat dela.«Nonahi gertatzen dira, eraikuntzan oraingoan, baina ardogintzan, arrantzan, basogintzan, lanerako joan-etorrietan, modu ez-traumatikoan eta lan gaixotasunen ondorioz ere bai. Ez da zori kontua». Salatu du administrazioek ez dutela behar beste egiten horiek eragozteko. «Agenda politikoan kokatu behar dute lehentasunez, eta beste alde batera begiratzeari utzi behar diote».

ELAk eta LABek elkartasuna eta babesa agertu diete hildakoen senide eta lagunei, eta gertaturikoa salatzeko mobilizazioak iragarri dituzte. Amurrion, astelehenean, Aiaraldeko Greba Batzordeak deituta, 18:30ean Herriko Plazan. Eta Urnietan, berriz, asteartean, 13:00etan, udaletxearen aurrean, gehiengo sindikalak deituta.

CCOOk eta UGTk ere salatu dituzte heriotzak. Aurrenekoak elkarretaratzea egingo du astelehenean, 11:30ean, Urnietako Udaletxeko plazan, gertatutakoa iker dezatela eta erantzukizunak har ditzatela eskatzeko.

Urnietako Udaleko bozeramaileen batzordeak atsekabea adierazi du heriotzagatik, eta adierazi du laneko segurtasunak lehentasuna izan behar duela edozein lanetan. Haren ustez, ezinbestekoa da prebentzio kanpainak bultzatzen jarraitzea eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak bete daitezela eskatzea. Era berean, «laneko segurtasunaren aurkako delituak zigortzeko eta ikuskaritza lanak areagotzeko eta hobetzeko» eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.