Koronabirusa

Gaurtik, Ipar Euskal Herrian ez da maskara jantzi behar kanpoaldean

Nafarroak hainbat neurri arinduko ditu bihartik aitzinera. Urkulluk Labiren bilerara deitu du biharko

Hainbat herritar Hendaiako hondartzako pasealekuan. GUILLAUME FAUVEAU.
Uxue Rey Gorraiz - Edurne Begiristain
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
COVID-19ari kontra egiteko neurriak aurreikusi baino lehenago malgutuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantziako lehen ministro Jean Castexek ezustean egin zuen atzo iragarpena: gaurtik aitzina, ez da maskara jantzi beharko kanpoaldean. «Egoera jakin batzuetan» baizik ez da erabili beharko, jende asko bilduko den lekuetan bakarrik, alegia. Gainera, igandean bertan behera geldituko da etxeratze agindua, aurreikusi baino hamar egun lehenago. Joan den ekainaren 9tik, etxeratze agindua 23:00etan ezarria dago Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta espero zen uztailaren 1ean arinduko zela neurri hori. Haatik, Castexek argudiatu du izurritearen bilakaera «espero baino azkarrago» ari dela hobetzen, eta horregatik erabaki dela neurri murriztaileak lehenago leuntzea.

Maskararen gaineko araudia arintzeko erabakiak aldaketa anitz ekarriko ditu Ipar Euskal Herriko egunerokoan. Izan ere, kanpoko guneetan maskara ez da derrigorrezkoa izanen, egoera jakin batzuetan salbu. Hain zuzen, herritarrek maskara jantzi beharko dute elkarretaratzeetan, jendetza biltzen den eremuetan, eta merkatu eta estadioetan. Orain arte bezala, barneko guneetan derrigorrezkoa izango da maskara jantzita izatea.

Ipar Euskal Herriko etxeratze agindua ere uste baino lehenago utziko dute bertan behera, baina, aldiz, bere horretan mantenduko dituzte ostatu, jatetxe, kirol gune eta kultur guneetan ezarrita dauden neurri murriztaileak, ekainaren 30era arte gutxienez. Hala iragarri zuen atzo Castexek berak, eta gaineratu zuen heldu den astean iragarriko dituztela uztailetik aitzina eremu horietan guztietan malgutuko dituzten neurri guztiak.

Nafarroan, bihartik

Hego Euskal Herrian ere neurriak malgutuko dituzte bi administrazioek. Nafarroan, bihar bertan arinduko dira hainbat neurri murriztaile, atzo foru gobernuak jakinarazi zuenez. Orain arte indarrean izan direnak baino malguagoak izango dira ostalaritzan eta kultur jardueretan, besteak beste. Hala nola, gobernuak ordubete atzeratuko du tabernen eta jatetxeen itxiera ordua: gauerdira arte. Gainera, jende gehiago elkartzen ahalko da espazio horietan: %30etik %50era zabalduko da gehienezko edukiera. Gobernuak neurri bertsuak iragarri ditu kultur jardueretarako ere: ostalaritzaren antzera, jarduerak baimenduta izanen dira gauerdira arte; gehienezko edukiera %60koa izanen da. Bestalde, foru agindu berrian jasoa denez, peñetan eta elkarte gastronomikoetan edukieraren %40 erabiltzen ahalko da.

Aurki maskararen erabilera leuntzea ere aztertzen ari da Nafarroako Gobernua. Santos Indurain Osasun kontseilariak atzo esan zuen litekeena dela uztailean maskararik jantzi behar ez izatea kanpoaldean. Erabakia «berandu baino lehen» hartuko dela jakinarazi zuen. Bide beretik mintzatu zen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Kongresuan: «Laster utziko diogu kalean maskara erabiltzeari».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, bestalde, biharko deitu du Labiren aholku batzordearen bilerara, eta litekeena da indarrean dauden neurri zenbait arintzea. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasutik behera da, eta Bizi Berri III planak aukera ematen du neurriak malgutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.