Frantziako Konstituzio Kontseiluak murgiltze eredua eta zeinu diakritikoen erabilpena konstituzioaren kontrakotzat jo eta berehala, bazterrak inarrosi ditu erabakiak. Atzo, Yannick Kerlogot Bretainiako diputatuak (Errepublika Martxan) Jean Castex lehen ministroa akuilatu zuen Frantziako Asanblean, eta ebazpenak murgiltze ereduan izanen dituen «ondorio zehatzak» argitzeko galdetu zion. Castexek segurtatu zuen bi diputatu izendatuko dituela horiek aztertzeko, eta, ondoren, prest dela hizkuntza gutxituetako hezkuntza ordezkariekin biltzeko Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroarekin batera. «Auzia lasaitzea da nire arrangura», erran zuen.
Izan ere, ortziralean, Frantziako Konstituzio Kontseiluak ebatzi zuen murgiltze eredua eta zeinu diakritikoak Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren kontrakoak direla. Horren ondoren, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Molac legea promulgatu zuen, eta iragan igandean agertu zen legea Frantziako Egunkari Ofizialean, Konstituzio Kontseiluak zentsuratutako bi artikuluak kendurik.
Horren harira, Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko lehendakariak Frantziako Gobernua akuilatzera deitu zituen tokiko hautetsiak. «Konstituzio Kontseiluak hartutako erabakiak urteetan eramandako lana zalantzan jartzen» duela salatu zuen. Ondoko Departamenduko Kontseiluko bilkuran, mozio bat aurkeztuko du Lasserrek, «hizkuntza gutxituen aldeko politiken eta horien irakaskuntzan eramandako lanaren aitortzeko».
Anartean, euskalgintzako eragileek erabakiaren kontra mobilizatzen segituko dute. Euskal Konfederazioak bat egin du heldu den larunbateko protestarekin, eta Alsazian, Katalunian, Bretainian, Okzitanian, eta Korsikan ere protesta eginen dute, egun berean. Euskal Herrian, Baionan eginen dute manifestazioa, 16:00etan, Laugatik abiatuta.
Aurkako erreakzioak
Euskal Konfederazioaren arabera, «gibelapen kualitatiboa eta kuantitatiboa izateaz gain, gurasoek nahi duten irakaskuntza sarea eta irakasteko moldea libreki hautatzeko eskubidea» urratzen du ebazpenak. Bestalde, eskola publikoetako murgiltze esperimentazioak jomugan ezartzea deitoratu dute, eta salatu Seaskak eta eskola erlijiosoek ere paira ditzaketela erabakiaren ondorioak. «Murgiltzeari buruz, artikuluak zioena baino urrunago joan da Konstituzio Kontseilua, erabaki baitu eskola publikoetan ez ezik zerbitzu publikoa segurtatzen duten ikastetxeetan ere konstituzioaren kontrakoa dela murgiltze eredua, hots, sare katolikoan eta ikastoletan ere bai».
Eskolim sarea ere haserre mintzatu da. Sareak Alsaziako, Okzitaniako, Bretainiako, Korsikako, Ipar Kataluniako eta Ipar Euskal Herriko murgiltze ereduetako eskolak biltzen ditu, eta Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren «jukutria eta azpijokoak» gaitzetsi ditu. «Oinarririk ez duen erabakia da, erradikala, eta arras bortitza», erran dute. Sarearen ustez, erabakia «onartezina» da, eta «jarrera kolonial» baten adierazgarri: «Hizkuntza autoktono eta historikoak desagerrarazi nahi dituzte».
Konstituzio Kontseiluaren epaia aztertzeko batzorde bat eratuko du Parisek
Castex eta Blanquer ministroak prest agertu dira hizkuntza gutxituetako hezkuntza ordezkariekin biltzeko. Konfederazioak protestara deitu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu