Bilboko portuko lan gatazka hasieran pentsa zitekeen baino gehiago luzatuko dela dirudi. Zamaketarien ordezkarien eta Bilbo Estiba osatzen duten enpresen artean ez dago harremanik, eta, enpresaren jarrerari erantzuteko, langile batzordearen gehiengoak —sindikatu guztiak ELA izan ezik, hark deialdi propioa egin baitu baldintza beretan— greba deialdia bi astez luzatzea erabaki du. Egungo protestaldia igande honetan da bukatzekoa, eta zamaketariek azaroaren 9ra arte luzatuko dutela jakinarazi dute. Orain arteko 11 greba egunetan bi orduko eta txanda osoko lanuzteak tartekatu dituzte; deialdi berrian, berriz, txanda bakoitzeko orduen erdiak beteko dituzte.
Tenperatura egunez egun igotzen ari da Bilboko portuan. Hasieran, zamaketariek salatu zuten gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri zizkietela eta aldi baterako langile batzuk lan hitzarmenaren arabera ez dagozkien zereginak hartzen ari zirela —lan ikuskaritzan eginak dituzte salaketak—. Gero, egunak pasatu ahala, Bilbon deskargatu behar zuten hainbat ontzi Santander eta Gijongo (Espainia) portuetara joaten hasi ziren. Azpiegitura haien lan ahalmena Bilboko portuarena baino txikiagoa da, halere, Bibo Estibaren arabera lan karga %70 apaldu da grebaren ondorioz. Horri portu barneko presentzia poliziala gehitu behar zaio —protestan ari diren zamaketariak identifikatuz—, eta portuko aparkalekuan geldirik dauden kamioilarien presioa.
Hori gutxi balitz bezala, Bilboko Portuko agintaritzak gehiago berotu zuen atzo eltzea, ez zielako portuan sartzen utzi behin-behineko kontratua eduki eta greba egiten ari diren zamaketariei, lan poltsa «historikokoei». Langile batzordeak, ohar batean, langile horiek «kaleratutzat» jo zituen. Iragan asteko bi egunetan eta atzo txandako bi orduko grebak egin zituzten portuan, eta hala ere ez zituzten deitu lanerako. Sindikatuen arabera, atzo 21 langile gehiago behar ziren, eta hainbat ontzi deskargatu gabe gelditu ziren. Lanerako deitu ez arren, protestaldira joan ziren, eta euren sarrera txartelak baliogabetu egin zituztela ikusi zuten portuko atean. Poltsa horretako langileak Randstad aldi baterako enpresaren bitartez deitzen dituzte, eta gehienek hamabi urte daramatzate egun bateko kontratuekin. Sindikatuek langile finko berriak eskatzen dituztenean poltsa horretatik igaro daitezen nahi dute.
Langile batzordeak «fede txarrez» jokatzea egotzi dio enpresari, eta, beraiek negoziatzeko borondatea erakutsi duten arren, hamar egun hauetan ez dute izan kudeatzaileen berri. «Ez gaituzte ezertarako deitu. Pentsa, prentsaren bitartez jakin dugu Lan Harremanen Kontseilura jo dutela, eta, egia esan, ez dakigu ofiziala edo egia den, guk ez baitugu kontseiluaren deirik jaso. LHKn dugun hitzordu bakarra hilaren 27koa da, lan hitzarmena urratzen ari zela salatu genuelako, eta orduan egingo dugu topo enpresarekin». Salaketa Israel Ruiz UGT sindikatuko ordezkariarena da.
Bien bitartean, zamaketariek grebari eutsiko diote. Finkoek eta ibilbide luzeko behin-behineko langile guztiek babestu dituzte lanuzteak, eta Adecco aldi baterako enpresaren bitartez kontrataturiko langile batzuk sartu dira. Finkoak gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira, eta asteburuan lan guztiaren %90 egin dute. Salatu dutenez, gutxieneko zerbitzuetan sartzen ez diren karga batzuk ere mugitu dituzte: txatarra, harea... Luze doa protestaldia, eta are gehiago luzatuko da, baina Xabier Durango Kaia-BES sindikatuko delegatuak ez du higadurarik sumatu. «Gure eta behin -ehinekoen lanpostuak bermatzea da gure eskaera, eta finko gehiago kontratatzea. Behin-behinekoak baztertuta, portuko agintaritzak badaki etxekalte ari dela, baina ez zaio axola».
Zamaketariek greba luzatuko dute bi astez
Salatu dute Bilbo Estibak ez duela jo berengana. Bilboko portuak sarrera ukatu die lanuztea babestu duten aldi baterako langileei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu