2016ko otsailean, grabitate uhinek susmo bat izateari utzi zioten. LIGO behatokiko arduradunek jakinarazi zuten uhin horiek atzematea lortu zutela, esperimentu baten bitartez, eta zientzialari askok adierazi zuten ikerketarako esparru berri eta guztiz erakargarri bat ireki zela. Iragarpen horiek betetzen ari dira: atzo, esate baterako, inoiz atzemandako uhinen iturbururik handienaren gaineko berria zabaldu zuten LIGO eta Virgo behatokietako arduradunek —elkarlanean ari dira, 2.000 aditu batzen dituen nazioarteko proiektu zabal batean—, eta onartu zuten aurkikuntza horrek galdera berri asko ekarri dituela.
Adierazi dutenez, uhin hori, propio, iazko maiatzean detektatu zuten: segundo hamartar bat besterik ez zuen iraun, eta, ordura arte atzemandakoekin alderatuta, oso ezberdina zen. Frantziako (CNRS) Virgo Nelson Christensen ikertzaileak adierazi duenez, «normalean, kirranka antzeko bat antzematen dugu; honek ez zuen beste horien antzik». Ondorioztatu dute bi zulo beltzen fusioaren emaitza dela uhin hori, baina onartu dute galdera handiak dituztela orain. Uhinaren iturburua Lurretik bost gigaparsec-era dagoela adierazi dute, eta, beraz, inoiz atzemandako urrunena ere badela grabitate uhin hori. Astrofisikako gaiekin usu gertatu ohi denez, irudikatzen ere zaila da distantzia hori; atera kontuak, gigaparsec bakoitza 3.260 milioi urteren baliokidea da.
Tamainaz ere irudikatzen zaila da uhinaren iturburutzat duten zulo beltzen fusioa. Zientzialariek egin dituzten kalkuluen arabera, 85 eguzkiren adinako masa zuen batek; besteak, berriz, 66 eguzkirena. Onartu dute orain arte ikasitakoa aintzat hartuta oso handiak direla biak: galdera berrien iturburua. Energia izugarria sortu zuen fusio horrek, eta, hain justu, ikertzaileek uste dute atzemandako uhina horren lorratza dela.
Inoizko grabitate uhinik handiena atzeman dute zientzialariek
Bi zulo beltzen fusioaren lorratza dela adierazi dute. 2015ean atzeman zituzten estrainekoz uhin horiek; ikerketa alor oso emankorra dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu