Koronabirusa

«Bizia jokoan» duten langileen kasuak fiskaltzan salatuko dituzte

LABek beharginen kexak igorriko dizkio, zigor instrukzioko prozesuak ireki ditzala eskatzeko. Zerbitzu batzuk «kolapsatuta» daudela dio

JON URBE / @FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak iragarri du auzitara joko duela oinarrizko lanetan ari diren eta «bizia arriskuan jartzen ari diren» langileen egoerak salatzeko eta haien osasun eskubidea babesteko. Fiskaltzaren esku jarriko ditu kasu horiek, zigor instrukzioko prozesuak ireki ahal izateko. Halaber, sindikatuko kideek Ertzaintzari dei egingo diote, egoera horiei unean-unean eta lekuan bertan «aurre egiteko», eta «idatzizko salaketak» igorriko dizkiete «agintari eskudunei». LABek azaldu duenez, orain arte sindikatuek egoera horiek salatu dituzte Lan Ikuskaritzan, baina ez dute «inolako erantzunik» jaso.

Sindikatuak ohartarazi du «kolapso egoerak» sortzen ari direla oinarrizko zerbitzu batzuetan, leku horietan dagoen «kutsadura mailagatik». Eta nabarmendu du hori are larriagoa dela «lan feminizatuetan»: saltokietan, telemarketinean, etxeko lan eta garbiketa sektoreetan... Eta, bereziki, osasungintzan, adinekoen egoitzetan eta etxez etxeko laguntzako zerbitzuetan.

Horren harira, gogoratu du sektore horietan ari diren enpresa eta langile gehienak administrazioak azpikontratatuak direla, baina salatu du erakundeak «beste alde batera» begiratzen ari direla eta ez direla pertsona horien «segurtasunaren alde» egiten ari. Horiek hala, ohartarazi du langile horien artean kutsatzeak «modu ikusgarrian areagotzen» ari direla.

«Gaur milaka emakumek babes ekipamendurik gabe lan egingo dute, euren osasuna eta gertukoena arriskuan jarriz», adierazi du LABek, egunero osasun zentroetara joaten diren garbitzaileei erreferentzia eginez, eta gogoratu du langile horiei osasun etxe eta enpresetako beste langileen «protokolo bera» aplikatu beharko litzaiekeela. Sindikatuak salatu du langile horiek «ikusezinak» direla. Horrekin batera, azpimarratu du administrazioa neurriak «industria handiaren iraupenera» bideratzen ari dela, «patronalaren aginduetara».

Auzitegira, material eske

ELAk, berriz, helegite bat aurkeztu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, Osakidetzak berehala eman diezazkien babes materialak bere langileei. Sindikatuak gogoratu du martxoaren 31 arte Osakidetzako 1.145 langilek eman dutela positibo koronabirusagatik; horietatik 44 ospitaleratu behar izan dituztela, eta horietako bat hil egin dela. Positibo guztien % 18 Osakidetzako langileenak direla azpimarratu du, eta ehuneko hori Espainiakoa eta Italiakoa baino handiagoa dela. «Gizartearen elkartasuna oso positiboa da, baina ez dugu ahaztu behar langileen segurtasuna ezin dela beste pertsona batzuen borondatearen mende egon; Eusko Jaurlaritzak bermatu behar duela», adierazi du ELAk.

Sindikatuak, halaber, berriro eskatu du funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiek beren jarduera eteteko. Azaldu du horrek, kutsatze katea ekiditeaz gain, eskuragarri dauden babes ekipamendu guztiak funtsezko sektoreetara bideratzeko modua emango lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.