Skolae hezkidetza programak jaso du Hondarribia Berdintasun Hiria Saria

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, gonbidatuta egon arren, ez du ordezkaririk bidali ekitaldira

Saria banatzeko ekitaldia, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
Hondarribia
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Hondarribia Berdintasun Hiria Sariaren banaketa izan zen atzo ilunabarrean. Aurten, Nafarroako Skolae hezkidetza programari eman diote. Aurreko foru gobernuak jarri zuen martxan, bai eta defendatu ere, hainbat kritikaren aurrean. Horko lau ordezkari izan ziren atzoko ekitaldian saria jasotzen: Pilar Mayo Hezkuntzako Berdintasunaren Ataleko burua eta talde pedagogikoko hiru kide.

Ekitaldiaren antolatzaileen arabera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko kargudunik ez zen izan ekitaldian, gonbidatuta zeuden arren. Cristina Uriarte sailburuak ere, adibidez, ez zion gonbidapenari erantzun. Hondarribian bizi da. Ohikoa denez, Emakundeko ordezkariak izan ziren ekitaldian. Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua (PSE-EE) egon ez zen arren, Jaizkibeleko kideei adierazi zien igandeko desfilera joango dela babesa ematera. Hondarribiko EAJko ordezkaritza ere espero zuten ekitaldian, baina ez zen agertu. Albiste litzateke, orain arte ez baitute inoiz jeltzaleek Jaizkibelen ekitaldi batean parte hartu. Eta nabarmentzeko modukoa da haien falta: izan ere, jeltzaleek agintzen dute Hondarribian. Oraingoz, hurbilketa urratsak espaloira mugatu dira; iaz hainbat buruzagi jeltzale egon ziren Jaizkibel txalotzen, baina gainerako agintari eta ordezkariak egoten diren lekutik aparte. Abotsanitz eta EH Bilduko zinegotzi eta kideen babesa beti izan dute.

Etzikoa prestatzeko, azken entsegua egin zuen atzo konpainia parekideak, eta etenaldi batean egin zuen sari banaketa. Jaizkibelekoen arabera, lehen aldiz iragarri dute ekitaldia Hondarribiko Udalaren webgunean.

Sarituek konpainiaren zapia jaso zuten; bosgarren urtea da saria ematen dutena. Epaimahaia osatu dute Garbiñe Biurrun epaileak, Xabier Lapitz kazetariak, Maddalen Iriarte kazetari eta EH Bilduko legebiltzarkideak, Iñigo Lamarca legelari eta EAEko ararteko ohiak, Nieves AlzaTxingudi saskibaloi taldeko presidentea izandakoak eta Batukada Feministako kide Ainara Sarasketak eta Arantxa Vicedok. Ekitaldian Bidasoko hezkuntza komunitateari egin zioten dei hautu parekidearen aldeko eragileek; «ausardia» eskatu zioten gaia lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.