Tantaka ari dira azaleratzen. Gero eta ugariagoak dira Eliza katolikoaren ikastetxeetan gertatutako sexu abusuen salaketak, eta hari horretatik tiraka handitzen ari da Ertzaintzak zabalik duen ikerketa ere. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun kontseilariak azaldu du oraintxe bertan 58 sexu abusu salaketa ikertzen ari direla.
Bizkaia irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Erkorekak esan du ikerketapean diren kasuen kopurua «handitzen» ari dela «egunetik egunera»: «Jendeak, ikerketaren berri izan ahala, Ertzaintzarengana jotzen du, eta salaketa berriak aurkezten ditu». Hain zuzen, kontseilariakesan die salaketa aurkezteko, baita delituak preskribatuta dauden kasuetan ere: «Abusu kasu gehienak duela urte asko gertatu izanagatik edo ustezko erasotzaileak hilda egonagatik ere, biktima guztiek eskubideak dituzte, eta onuragarria izan daiteke salaketa aurkeztea: batetik, lagungarria izan daitekeelako beste kasu batzuk argitzeko garaian, eta, bestetik, biktimek beren eskubideak baliatu ditzaketelako onurak lortzeko, legeak ezarritako baldintzak betetzen badituzte».
Sexu abusuak ikertzeko tenorean, Erkorekak «ezinbestekotzat» jo du Eliza katolikoarekin «elkarlanean» aritzea, eta nabarmendu du Bilboko Gotzaintzarekin duten «harreman ona». Are: auziarekin «oso konprometituta» antzeman du instituzioa. «Gotzaintzak badu informazio garrantzitsua, eta Ertzaintzak beharrezkoa du hori bere ikerketan aurrera egin eta, gero, hori guztia fiskaltzaren edo auzitegien esku jartzeko», esan du.
Hala ere, Poliziaren ikerketa Elizak abian jarritako prozedurez harago doala zehaztu du sailburuak: «Ertzaintzak bere lana egin behar du, eta Elizak ikerketarako foro propioak martxan jarri baditu ere, ikerketa poliziala ezin da bukatutzat jo planteamendu horiekin bakarrik». Justizia Sailak «legearen arabera» jokatuko duela nabarmendu du Erkorekak.
Hain zuzen, Eliza katolikoko ikastetxeetan salatutako abusuak ikertzeko, biktimei ordaina emateko eta erantzukizuna eskatzeko proposamenak ika-mika piztu du Espainiako Kongresuan. Unidas Podemos, ERC eta EH Bildu taldeek proposamena aurkeztua zuten sexu abusuak ikertzeko batzorde bat sortzeko, baina proposamen hori atzera bota zuten asteartean, PSOE eta Ciudadanos taldeen abstentzioarekin eta EAJ, Vox eta PPren kontrako botoekin.
Bozketa gaur Madrilen
Horren ordez, PSOEk eta EAJk beste proposamen bat aurkeztu dute, Espainiako Arartekoak zuzendutako «batzorde independente» bat sexu abusuak ikertuko dituena, «txosten bat» ontzeko xedez. Gaur bozkatuko dute hori, kongresuan. Ikusteko dago UPk, ERCk eta EH Bilduk beste proposamen hori babestuko duten, baina, oraingoz, jarrera kritikoa agertu dute: «Benetako batzorde bat behar da, botere legegilea, metodologia argia eta aurrekontu bat dituena, eta Arartekora jotzea ez da hori», esan zuen UPko Jaume Asens eledunak. EH Bilduko Bel Pozuetak esan du UP eta ERCrekin batera aurkeztutako proposamenak biktimei aukera ematen ziela «askatasunez hitz egiteko», eta ERCko Carolina Telechea i Lozanok «batzordea urardotzea» egotzi die PSOEri eta EAJri.
EAJko Josune Gorospek adierazi du auzia Arartekoaren esku uzteko proposamenaren xedea dela auzia «Kongresuko xextra politikotik ateratzea».
Eliza katolikoari lotutako 58 abusu salaketa ikertzen ari da Ertzaintza
Erkorekak salaketa aurkeztera deitu ditu biktimak: «Kasuak argitzeko balio dezake». Espainiako ikerketa batzordea, airean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu