Elikadura modu sistemikoan lantzeko beharra nabarmendu dute

2030erako euskal elikadura sistema garatzeko estrategiak«ekoizleen lana» ikusaraztea du asmo. 12 erronka eta 31 ekintza plan zehaztu dituzte

Euskal elikadura sistemaz hausnartzeko egindako aurreneko topaketa, 2019ko urrian. BERRIA.
Igor Susaeta.
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
2030erako euskal elikadura sistema iraunkorra garatzeko asmoarekin, Euskal Herriko hainbat eragilek hiru topaketatan parte hartu zuten 2019ko urria eta 2020ko urria artean, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Finantza Ekonomia II saileko Mirene Begiristain eta Goiuri Alberdi ikertzaileen zuzendaritzapean. Hamabi erronka eta horiek gauzatzeko 31 ekintza plan biltzen dituen estrategia bat ondu zuten; Begiristainek eta Alberdik estrategia hori plazaratzeko atzo telematikoki egindako aurkezpenean nabarmendu zutenez, elikadura sistema «ikuspegi sistemikotik eta diziplinarteko lanetik berritzeko eta ikertzeko premia» dago. Jakinarazi zuten, gainera, eragileekin izandako bileretan behin eta berriz agertu zela «ekoizleen lana ikusarazteko beharra». Ikertzaileek iragarri zutenez, irailean «eragile nagusiekin» bilduko dira; hori izango da hurrengo pausoa.

EB Europako Batasunak hauspotutako Fit 4 Food 2030 proiektuaren helburua da ikerketaren eta berrikuntzaren ikuspegitikelikadura sistemaren premiazko aldaketa bat hauspotzea, eta plataforma bat sortu du horretarako, hiri, eskualde edo herrialde mailan egindako hausnarketak eta proposamenak jasotzeko. Plataforma horren barruan Euskal Herrian egindako ariketa da atzo plazaratutakoa. «Horren bidez informazioa helarazten zaio Europako Batzordeari, gizartearen balioak, beharrak eta itxaropenak kontuan hartuta ikerketan eta berrikuntzan oinarritutako 2030 estrategia bat ezartzeko».

Erakunde publiko eta pribatuek —Euskadiko Elikaduraren Klusterrak, Ihobek, Aztik, Orkestrak...—; sindikatuek —EHNEk eta Enbak—; elkarteek —Bizilurrek, Openbidek, ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak...—, eta bestek parte hartu dute.

Elikadura sistema lau dimentsiotan banatu dute estrategia ontzeko: ekoizpen eredua; nutrizioa eta osasuna; iraunkortasuna eta ingurumena, eta gobernantza. Laborategian identifikatu zituzten bakoitzarekin lotutako hainbat erronka, baina «urgentziazkoenak eta maila lokalean» lantzen has daitezkeenak lehenetsi dituzte, Begiristainen esanetan. Dimentsio bakoitzak lau erronka dauzka. Ekoizpen ereduari dagokionean, nekazaritzan belaunaldien arteko erreleboa bermatzea jarri dute erdigunean, eta, nutrizioarekin lotutakoan, berriz, osasunaren eta elikaduraren esparruetan dietetika eta nutrizioa txertatzea; erronka horiek gauzatzeko, hezkuntza estrategiaren beraren oinarrietako bat izatea planteatzen dute. Gobernantza berriak sortzea proposatzen du estrategiak, horretarako, besteak beste, «elikadura sistemaren eremuko politika publikoen ezarpena eta ebaluazioa egiteko mekanismoa sortuz, think tank sareen bidez».

Eta ingurumena eta iraunkortasuna aintzat hartzen dituen dimentsioan jaso dutenez, irizpideak ezarri behar dira elikagaien «autohornikuntzan eta inportazioan»; ekoizpenerako lurzorua babesteak duen garrantzia azpimarratu dute, gainera. Begiristainen ustez, ingurumenarekin loturiko dimentsioa «zeharkakoa» da: besteei ere eragiten die; mesede egin diezaieke besteei ere.

Estrategiaren egileek pentsatzen dute eskualde mailako elikadura estrategien eraikuntza dela proposatutakoaren «bizkarrezurra». Iruditzen zaie, era berean, «araudia» malgutu behar dela, «tokiko produktu iraunkorren salmentari dagokion legedian aldaketa irizpideak garatu ahal izateko nekazaritza sektorearen ikuspuntutik». Horrekin lotuta, ekoizpen ereduaren dimentsioko ekintza planetako bat da higiene eta osasun baldintzak malgutzea, eta hurbileko produktuen salmentari dagokion legedia osatzea, «praktika onen gidari dagokionarekin batera».

Paradigma aldaketa

Topaketetan parte hartu zuten eragileetako batzuk ere mintzatu ziren aurkezpenean. Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Miren Estensororen arabera, «lehentasun ariketa bat» egin beharko litzateke erronkak zehazterakoan. «Eta ekintzarako baldintzak sortu beharko lirateke, eragileek ekarpen handiagoa egin dezaten lanean hasteko».

Neus Monllor aholkulari agrosozialarentzat, topaketetan, eta, ondorioz, estrategian ere «argi» geratu da «paradigma aldaketa baten beharra» dagoela. «Tokiko nekazaritzarako elikagaien industrian gauden guztiok interpelatzen gaitu, eta denok dauzkagu zereginak». Hain zuzen, paradigma aldaketa aipatuta, laborategitik ateratako planean nabarmendu dute berrikuntza sozialetik «asko» duela estrategiak. «Hori bat dator paradigma aldatzeko premiarekin».

Alberdiren iritziz, bi estrategia daude mahai gainean: haiek aurkeztutakoa, eta bioteknologian oinarritua. Iruditzen zaio bigarrenak aurrenekoaren «lagungarri» izan beharko lukeela. Hausnarketa orokor bat egin zuen, bide batez, indarrean dagoen paradigma plazaratzeko: «Kostatzen zaigu elikadura ikuspegi sistemikotik, holistikotik, ulertzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.