SARS-CoV2 koronabirusak eragindako egoera bereziari erantzuteko, hainbat dekretu onartu ditu jada Nafarroako Gobernuak. Azkena, atzo. Foru dekretu horrek, alde batetik, COVID-19 gaitzaren hedapenari aurre egin nahi dio osasun alorrean behar diren langileak kontratatzeko baldintzak erraztuz; bestetik, egunotan arlo sozialean behar bereziak dituzten pertsonei arreta zerbitzua bermatzeko moduak eta baliabideak egokitu ditu; azkenik, arlo ekonomikoan, konfinamenduak eragindako ezohiko gastuak estaliko ditu, 100 milioi euroko funts bat sortuz. Kontseilu osteko agerraldian, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak azaldu zuen 100 milioi euro horiek zabaltzeko aukera izango dutela. Halaber, iragarri zuen dekretu gehiago etorriko direla. «Behar diren neurri guztiak hartuko ditugu», adierazi zuen.
Ez da azken dekretua izango, beraz. Txibitek nabarmendu zuen foru dekretua Madrilgo gobernuak herenegun hartutako neurrien «osagarri» dela eta elkarlanean ari direla haren koordinaziopean. Lehendakariak beste behin azaldu zuen «ezohiko eta salbuespenezko egoera bat» dela hau, egunetik egunera aldatzen ari delako eta «zaila delako aurrera begirako proiekzioak egitea».
Foru lege dekretua aldizkari ofizialean argitaratu ostean sartuko da indarrean, baina parlamentura bidaliko da. Txibiteren arabera, neurri guztien eta aurrera begirako asmoen berri eman diete parlamentuko talde guztiei. «Esker oneko hitzak besterik ez ditut, guztiek babestu baitute gobernua, salbuespenik gabe. Gobernua da arduradun nagusia, baina erabateko adostasuna eskertzekoa da, konfiantza mezua ematen baitiogu gizarteari».
PAKETE EKONOMIKOA
«Jabetzen gara krisi honek izango duen eragin ekonomiko itzelaz». Txibiteren arabera, lehentasuna uneotan osasun arloak du, baina lehen pakete bat onartu dute, betiere Nafarroaren eskumena aintzat hartuz. Hala, krisiak eragindako ezohiko gastuei aurre egiteko, 100 milioi euroko funts bat sortuko du gobernuak. Gaitza ate joka izan aurretik, egintzat ematen zen Espainiako Gobernuak BPGaren %0,2ko defizita baimenduko ziela erkidegoei urte honetarako. Nafarroaren kasuan 40 milioi euro liratekeenez, horrekin eta iazko 101 milioiko superabitetik finantzatuko dute funtsa. Gertaeren bilakaeraren arabera, diru kopurua «zabaldu egin daiteke». «Bermatu behar dugu ekonomia badabilela, lanean jarraitzen dela, ehun produktiboari eusten zaiola, lanpostuak mantentzen direla, enpresen likidezia errazten dela. Gainera, langile autonomoak babestu behar ditugu, uneotan katebegi ahula baitira».
Funtsak egunotan hainbat sektoretan sortutako ezohiko gastu bereziei aurre egingo die: hala nola autonomoenak eta enpresa txiki eta ertainetakoak, osasun eta hezkuntza arlokoak, familienak, lana eta familia uztartzeko neurrienak, babes sozialerako neurrienak, enplegu politikakoak.... «Aurrekontuetan behar diren aldaketa guztiak egingo ditugu Nafarroako ekonomiak behar duen likidezia hori bermatzeko».
Horri lotuta, Nafarroako Gobernuak 2020ko aurrekontuak moldatu ditu, abalak eta maileguak gehienez emateko kopurua 40 milioi eta 30 milioi eurora arte zabalduz, hurrenez hurren. Enpresei, era berean, abalak banatuko zaizkie finantza operazioak eta ohiko gastu ordainketa ziurtatzeko. Gainera, zergak ordaintzeko epea apirilaren 30era atzeratuko du gobernuak, eta ohartarazi du aurrerago luzatu dezakeela epe hori.
Txibitek atzo aurreratu zuenez, zerga arloan beste dekretu bat prestatzen ari dira zergen epeen inguruan, eta ziurtatu zuen konpromisoa dutela dirua itzultzeko. «Ogasunak bermatzen du dirua ordainduko duela itzultzea dagokion kasuetan». Ogasunarekin zorra dutenen kasuan, epeak malgutuko dituzte. Gainera, gizarte eragileekin negoziazioetan ari dira beharrezko zerga neurriak hartzeko.
LANGILEEN KONTRATAZIOA
Horrez gain, Nafarroako Gobernuak kontratazioen tramiteak errazteko beharrezko neurri guztiak hartuko ditu. Alde batetik, «oinarrizko zerbitzuak bermatzeko», bertan behera geratuko dira oporrak, lan murrizketak eta baimenak —haurdun diren langileei ez die eragingo—. Halaber, lanaldi partzialetik osora pasatzeko aukera izango du administrazioak. Kontratazioetan, zerrendetatik tira egingo dute, baina, beharraren eta profilaren arabera, pertsona jakinak aukera ditzakete. Halaber, 70 urtetik beherako langile erretiratuak har ditzakete berriro. Neurriok batik bat osasun arloko langileen kontrataziorako izango dira.
GIZARTE ESKUBIDEAK
Gizarte eskubideen arloan, adinekoen, ezgaitasun edo menpekotasunen bat dutenen, etxegabeen edo egoera zailean diren haurren inguruko neurriak hartuko dituzte. Haurren kasuan, elikatzeko eskubidea bermatu nahi dute zerbitzu sozialen eta ikastetxeen koordinazioa hobetuz, jangeletan jaso ohi zuten elikagaia jasotzen jarraitzeko. Arlo horretan, kontratazioa handituko da, eta etxeko arreta indartu, menpekotasuna dutenen egoerari erantzuteko. Zaintzarako baldintzak ere leunduko dituzte.
Koronobirusa. Nafarroaren neurriak
Nafarroak 100 milioi jarriko ditu ezohiko gastuei aurre egiteko
Egoera bereziari erantzun eta likidezia arazoak saihesteko neurriak ezarri ditu. Alor publikoan, langileak kontratatzeko prozedura azkartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu